Ohitura aldaketa etxean hasten da: Etxealditik Euskaraldira

0

Etxean egoteko garaiak izan arren 2020ko Euskaraldirako beroketa ariketak martxan daude eta hortik sortu da Etxealditik Euskaraldira izeneko ekimena. Apirilaren 20an (astelehena) jarriko da martxan bi helburu nagusirekin: etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea batetik, eta euskararen erabilera sustatzea bestetik, horretarako bitartekoak eskainiz.

2020ko Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko da.

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra etxean eta etxetik ditugun harremanetan (gertukoekin ditugun harreman horietan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa da proposatzen dizuguna. Horrela etxetik hasiko gara prestatzen azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugun Euskaraldia, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko.

Ekimenak dirauen egunetan, goizero Euskaraldiaren sare sozialetatik bideo laburrak eta mezuak eskainiko dira Etxealditik Euskaraldira ekimena sustatzeko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko.

Apirilaren 20an lehen mezua argitaratuko da, ekimena aurkezteko. 21etik 23ra, ostera, hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da eta 24tik 30era egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira.

Euskaraldiko sare sozialen bidez ez ezik, Ondarroako Euskaraldiko batzordeak ere zabalduko ditu edukiak egunero, eta ondarrutarrei horiek elkarbanatzen laguntzea eskatzen zaie. Azkenik, lehioetan koloretako puntu bat ipintzea ere eskatu zaie herritarrei, Etxealditik euskaraldira kanpainan parte hartzen ari direla erakusteko.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina