Bigarren Euskaraldian izena eman du Ondarroako Udalak

0

Ondarroako Udaleko udalbatza telematikoa ospatu zen pasa den asteko ostegunean (apirilak 30) eta udaleko bi alderdiek aho batez onartu zuten 2020ko Euskaraldian izena ematea. Bigarren Euskaraldia, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da Euskal Herrian.

Arantza Atxurra Aranguren, Euskara zinegotzia: Ondo datorkigu aukera hau konturatzeko zer gehiago egin ahal dugun euskaraz, edo zuzendu beharreko zeozer badago nonbait horretaz jabetu eta zuzentzeko. Hori da azken batean, Udal Euskararen Erabilera Planaren bitartez, egunez egun, egiten ari garena.

Ondarroako Udaletik sortutako Euskaraldiko Batzordeak, baina, hilabeteak daramatza prestaketa lanetan. Hala, martxoren 17an zen egitekoa aurkezpena herrian, herriko talde, eragile, elkarte eta norbanakoei zuzenduta. Koronabirusak eragindako larrialdi egoera zela eta bertan behera geratu behar izan zen baina batzordetik aurreratu dutenez aukera dagoenean aurkezpen publikoa antolatuko da berriz ere.

Euskaraldia ariketa kolektiboa da. 2018an egin zen lehen aldiz eta Ondarroan 1378 AhoBizi eta 113 BelarriPrest egon ziren. Aurtengorako, beste paper bat ere prestatu dute, entitateentzako bereziki prestatua: Arigunea. “Aurten bi modu egongo dira entitate barruan parte hartzeko. Batetik, ariguneak sortuko dira, eta ahobizi eta belarriprest moduan parte-hartuko badute ere, modu kolektiboan egingo dute ariketa. Eta, bestetik, ariguneetan egon ezin duten kideak daude; horiek, iaz bezala, norbanako moduan egingo dute ariketa: belarriprest eta ahobizi rolekin”.

Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar), ariguneren bat badute. Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.

HONEKIN LOTUTA:

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina