Kukaña ingurua balizatuko du udalak, bertan ibiltzen diren gaztetxoen segurtasunerako

0

Kukañaren ingurua balizatu egingo du udalak hurrengo egunetan, eguraldiak eta itsasoaren baldintzek guztiz laguntzen dutenean. Iaz hartu zuen erabakia, bertan ibiltzen diren neska-mutil gazteen segurtasuna handitzeko asmoz; eta aurten gauzatu egingo da, Portu Zuzendaritzarekin lortutako akordioari esker.

Balizamendua buia eta kortxeren bidez egingo da, eta kukañaren azpian laukiluze formako esparrua hartuko du: «Eremu bat markatuko dugu, eta horren barruan ezingo da ontzirik sartu. Uste dugu oso garrantzitsua dela gazteen segurtasunerako», esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Horrez gain, azpimarratu du Ondarroan bainatzeko betiko gune naturalak babestea «oso garrantzitsua» dela, eta nahiz eta errekan beste elementu batzuk ere egon, gazteen aisialdiko betiko espazioak mantentzea berebizikoa dela. «Udan herrian ondo pasatzeko espazio berria sortzen da inguru horretan, eta denon artean mantendu behar dugu. Txoko berezia da guztiontzat; zer esanik ez, gazteentzat».

Inguruaz behar den modura gozatzeko, ekainaren 15etik aurrera, kukaña ingurua oinezkoentzako gune bihurtuko da; eta, beraz, ezin izango da aparkatu. Alkateak azpimarratu du arauak bete egin behar direla kukañaren erabilera egokia izan dadin: «Gazteei kukaña ondo erabiltzen irakatsi behar diegu: kukaña gainean bi lagun baino gehiago ez dira egon behar; ez kulunkatu; eta igotzen hasi baino lehen, ziurtatu azpian ez dagoela inor». 

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina