Astelehenean irekiko dira Zaldupe udal kiroldegiko igerilekuak eta muskulazio gela, aurretiaz orduak erreserbatuta

0

Larrialdi egoerak eraginda ateak itxita egon ostean, astelehenean (ekainak 22) zabalduko ditu berriz ere ateak Zaldupe udal kiroldegiak. Zehatz esanda, igerilekuak eta muskulazio gela zabalduko dira, segurtasuna bermatuta egoteko neurriak hartu daitezkeen instalakuntzak hain zuzen. Aldagelak ere zabalik egongo dira igerilekuko erabiltzaileentzat. Hitzorduekin antolatzearen arrazoiak bi dira: garbitasuna eta higienea ahalik eta hobekien mantentzea alde batetik, txanda artean erabilitako makinak garbitzeko eta desinfektatzeko, eta bestetik ahalik eta erabiltzaile gehienek edukitzea instalakuntzak erabiltzeko aukera.

Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak esan du kiroldegia apurka zabalduko dela: “denok daukagu gogoa normaltasunerako, baina ezin gara arinegi joan. Etengabeko garbitasuna egongo da zabalduko ditugun bi espazioetan. Garrantzi handiagoa ematen diogu erabiltzaile eta langileen segurtasunari eta instalakuntza apurka-apurka irekitzen joateari garbitasuna ondo bermatu gabe kiroldegi osoa irekitzeari baino. Momentuz lehen urratsa hau izan da, eta ikusiko dugu aurrerantzean nola doan dena”.

Kiroldegi Birtuala astelehenera arte egongo da erabilgarri webgunean. Milaka bisita eduki ostean hilabete hauetan, Jaso Kirolak enpresak beste aste betez luzatu du kiroldegi birtualaren eskaintza. Kiroldegiaren ateak zabaltzearekin batera itxiko dira Kiroldegi Birtualarenak.

Zaldupe udal kiroldegian eskuak garbitzeko hainbat puntu egongo dira, gel hidrolkoholikoarekin. Horrez gain, kiroldegiko sarreran zapatak garbitzeko alfonbratxo bat ere egongo da eta erabiltzaile guztiei tenperatura hartuko zaie kiroldegira sartzean, harreran.

Bai igerilekuak eta bai muskulazio gela erabiltzeko, hitzorduak hartu beharko dira aurretiaz, erabiltzaile asko ez pilatzeko ordu berdinean, aforo eta distantziak mantenduz; erreserbak egiteko aukera bihar (eguena, ekainak 18) hasten da eta erreserba egiterakoan abonatu zenbakia eman beharko da. Zenbait ordu tartetan ezaugarri jakin batzuk dituzten erabiltzaileek edukiko dute lehentasuna, 70 urte edo gehiagokoek, familiek, errehabilitazio ariketak egin behar dituztenek edo aniztasun funtzionala daukatenek esaterako.

Lehentasuna batzuk edukitzeak ez du esan nahi ordu horretan espazio hori libre badago erabili ezin denik. Lehentasunen bat dutenek, bezperan egin behar dute erreserba, bestela, hurrengo egunean leku hori erabiltzaile guztientzat egongo da eskuragarri

Informazio gehiago jasotzeko, zalantzak argitzeko edota erreserbak egiteko kiroldegira deitu behar da: 94 613 42 09. Erreserbak egiteko aukera eguenean (ekainak 18) hasten da. Erreserbarekin batera abonatu zenbakia eman beharko da.

ABONATUAK

Zaldupe udal kiroldegia itxita egon den denboran zerbitzua jaso ezin izan duten abonatuei zati proportzionala bueltatuko zaie, 2020 urtea amaitu baino lehen.

IGERILEKUAK
  • GOIZEZ: Astelehenetik ostiralera 07:30etik 12:30era. Zapatuetan 09:00etatik 13:00era.
  • ARRATSALDEZ: astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara.
  • Ordu erdiko saioak izango dira erabiltzaileko. Astelehenetik osteguinera, 19:00etatik 20:00etara ordubeteko txandak egongo dira.
  • Lehenengo orduan, 07:30etik 08:00etara, 70 urte edo gehiagokoek edukiko dute lehentasuna.
  • 10:00etatik 11:00etara errehabilitazio ariketak egin behar dituztenek edo aniztasun funtzionala dutenek edukiko dute lehentasuna.
  • Zapatuetan, 10:00etatik 11:00etara, 70 urtetik gorakoek, errehabilitazio ariketak egin behar dituztenek edo aniztasun funtzionaldunek edukiko dute lehentasuna.
  • Zapatuetan, 11:00etatik 12:00etara eta 12:00etatik 13:00era familiek edukiko dute lehentasuna.

Honela antolatuko dira igerilekuen erreserbak egiteko orduak.

MUSKULAZIO GELA

Muskulazio gela lehen solairura pasa da. Gela handiagoa da eta erabiltzaile gehiago hartzeko aukera ematen du. Asmoa da etorkizunean ere hor jarraitzea gimnasioak, geroz eta erabiltzaile gehiago baititu.

  • GOIZEZ: Astelehenetik ostiralera 08:30etik 12:30era. Zapatuetan 09:00etatik 13:00era.
  • ARRATSALDEZ: astelehenetik ostegunera 16:30etik 19:30era.
  • 10:00etatik 11:00etara 70 urte edo gehiagokoek edo errehabilitazio ariketak egin behar dituztenek edukiko dute lehentasuna.
  • Goizetan ordu eta laurdeneko (75min.) saioak izango dira, eta arratsaldez, ordu eta erdikoak (90min).

Honela antolatuko dira gimnasioaren erreserbak egiteko orduak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina