‘Alkarreaz’ proiektua aurkeztu du Ondarroako Udalak

0

Alkarreaz proiektua Ondarroako Udalaren Ongizate batzordeko egitasmoa da eta bere helburua herritarrek herritarrekin denbora pasatzea, hitz egitea, konpainia egitea, laguntzea edo bakarrik daudenei laguntasuna eskaintzea dira. Belaunaldi arteko hariak sendotuz, herritarrek beharrizana duen beste edozein herritarri laguntzeko elkartasun proiektua da.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga: “Laguntza eskaini diezaiokegun profil oso ezberdinak daude herrian. Ez dugu nahi laguntza beharra pertsona nagusiekin bakarrik lotzea. Hamarnaka kasu desberdin daude edozein motatako laguntza behar izan dezaketenak. Elkartasunez beteko ditugu beharrizan horiek. Herritarrek. Herritarrekin. Laguntza behar dezakeen edozeini laguntzeko elkartasun sare bat osatzea da gure asmoa, Alkarreaz”.

“Aurkezpen hau aprobetxatu nahi dugu berriz ere boluntarioei eskerrak emateko. Sare ederra osatu dute. Oso eskertuta gaude. Sustrai horretatik ernaldutako proiektua da Alkarreaz. Proiektu berri honetarako taldea osatu bitartean, boluntarioen zaintza sareak herritarren beharrizanak asebetetzen jarraituko du. Ez dakigu zer etorriko den, eta prest gaude saretik laguntza ematen jarraitzeko”. Telefonoa: 608 22 97 95.

Koronabirusa dela eta herrian sortutako boluntarioen zaintza sareak edukitako erantzun ona ikusirik, eta beharrizanak eduki dituzten herritarrek hor jarraitzen dutela kontuan hartuta (larrialdi egoeraren aurretik ere jada bazeudenak kasu askotan), herritarrekin batera beste urrats bat emateko egitasmoa ipini du martxan Ongizate batzordeak. “Elkartasunean oinarritutako proiektu bat da, herritarrek herritarrei laguntzeko; kasu oso ezberdinak egon daitezke: astean behin arratsalde batez bakarrik geratzen den adineko pertsona bat, tramite bat egiteko laguntza behar duen herritar bat, Antiguako Ama elkarteko kideekin solasaldiak eduki… “, esan dute Ongizate batzordetik. “Gure asmoa proiektua abian jartzea da, eta orain beharrizan batzuk detektatuta dauzkagun arren, boluntarioen eta beharrizana duten pertsonen aldetik etorriko dira erronka berriak: zertan lagundu dezakeen bakoitzak, hutsuneak non dauden…”. “Uste dugu proiektu oso aberasgarria izango dela, kasu askotan baita hezitzailea ere, eta bizitzak erdigunean ipinita beste ikuspuntu berri batzuk lortzeko bidea emango diela herritar askori”.

“Proiektuaren muina Koronabirusaren larrialdi egoerarekin sortutako boluntario sarea izan da. Erantzun ederra eduki dugu, eta orain bide horri jarraipena eman nahi diogu. Ondarroa herri solidarioa eta abegikorra dela erakutsiko dugu”.

Alkarreaz. Proiektuari izen hori jartzearen arrazoia batzeak eduki dezakeen indarra da. Hau da, pertsona batek besteari eskaini diezaiokena, gero bientzat aberasgarria izango dena. Gaur zugatik eta bihar nigatik, elkartasunetik. Aurrekoari esku bat luzatzea da xedea, alboan gaudela esatea, laguntza eskaintzea. “Konturatu behar gara edozein unetan norbera izan daitekeela beste aldean egon daitekeen hori”.

Bizitzak dira garrantzitsuena. Beharbada pandemia honek ideia horretan gehiago sakontzera eraman gaitu. Hori dela eta, proiektu honen bigarren urratsa egiteko irailean egingo da batzar ireki bat (eguna eta ordua aurrerago zehaztuko dira).

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina