Ikasturte berriaren hasierari buruzko bilera egin dute udalak, herriko ikastetxeek eta Osasun Zentroak

0

Ondarroako Udala, Zaldupe eskolako, Zubi Zahar herri ikastolako eta Ondarroa BHIko zuzendariak eta Osasun Zentroa elkartu dira gaur (abuztuak 26) udaletxean, ikasturte berriaren aurrean sortutako kezkak eta zalantzak argitzeko eta elkarbanatzeko; 10 egun baino ez dira geratzen ikasturte berriari ekiteko. Ondarroako Udalak bere baliabideak eskaini dizkie ikastetxeei egoera berrira moldatzeko beharrezkoak dituzten gaietan laguntzeko. Udalak ez dauka eskumenik hezkuntza gaietan, baina berari dagokionean ikastetxeei laguntzeko konpromisoa hartu du Eneritz Basurko Pagoaga Hezkuntza batzordeburuak.

Irailaren 21ean beste bilera bat egiteko geratu dira gaurko batzarrean, ikasturteko lehen hamabost egunen balorazio bat egin eta jarraipena egiteko.

Bileraren helburua ikasturtea hasi orduko ikasle, irakasle eta gainontzeko langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko gutxiengo batzuk adostea izan da, ikastetxe bakoitzak dauzkan berezitasunak kontuan hartuta: espazioa, ikasle kopurua, sarrera-irteerak, baliabideak… Ikastetxeek esfortzu handia egingo dute euren egunerokoa egoera berrira moldatzeko: eskuak garbitzea, tenperatura hartzea, gelak egokitzea, ikasle arteko tarteak… Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailetik iritsi daitezkeen azken erabakien zain daude ikastetxeak moldaketak nola egin zehazteko.

Gurasoentzako informazio iturri zuzena ikastetxea bera izango da eta bertatik jasoko du beharrezkoa den informazio guztia. Puntu honetan, udalak gogorarazi nahi du zurrumurruak ez zabaltzearen garrantzia, egoera berez dena baino zailagoa ez bihurtzeko.

Herriko ikastetxeetarako gutxiengo hauek onartu dituzte ikasturte hasierarako:

  • Covid-19aren sintomak sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna edota usaimena edo dastamena galtzea dira. Sintoma horietakoren bat edukiz gero umeak ez dira eskolara joan behar.
  • Sintomaren bat agertzen bada, ez joan Osasun Zentrora, deitu telefonoz: 946 037 999
  • Sukarra agertzen bada, nahiz eta dezima gutxi batzuk izan, ezin da haurra ikastetxera eraman.
  • Sintomaren bat daukalako umea etxean geratu behar bada, komeni da aiton-amonekin edo pertsona zaurgarriekin ez uztea. Lehen Hezkuntzako ikasleen kasuean, bereziki, kontziliazio arazoak agertu daitezke kasu askotan. Horrelako kasuetan zuzenean Osasun Zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu dute.
  • Ikastetxe bakoitzak bere protokolo propioa edukiko du eta ikastetxe bakoitzeko hezkuntza komunitate osoari emango zaio horren berri.

Osasun Zentroko ordezkariek gogora ekarri dute Covid-19an positibo eman dutenak etxean geratzea oso garrantzitsua dela, eta baita bere gertuko harremanak izan direnei ere positiboaren berri ematea, horrela ingurua kontrolpean edukitzeko. Positibo eman duen norbaiten kontaktu zuzena izan duen orok ere etxean egon behar du beharrezko frogak egin arte.

Azpimarratu dute oso garrantzitsua dela hiru arau nagusiak betetzen jarraitzea Covid-19aren hedapena murrizten joateko: eskuak sarri garbitu, maskarila beti eta metro eta erdiko tarteak mantendu.

Covid-19 datuen eguneratzea (2020/08/26)

Egoera epidemiologikoa (2020/08/26)

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina