Internet eta mugikorren erabileraren inguruko jarduerak antolatu dira ikasle eta gurasoentzat

0

Udaleko hezkuntza batzordetik sortutako ideia bati jarraituz, Ondarroako Udalak jarduera batzuk antolatu ditu adingabeek egiten duten Interneten eta telefono mugikorren erabileraren inguruan. Bi elementu hauen erabilera arduratsua sustatu behar dela iritzirik, jarduerak antolatu dira bai gurasoentzako eta baita ikasleentzako ere, gaiaren inguruko lanketa eta kontzientziazioa egiteko. Macsonrisas elkarteak bideratuko ditu jarduerak. Espezialistak dira heziketa digitalean.

Jarduera hauek guztiek helburu bera dute: teknologia modu konzienteago batean erabiltzea, online bidezko jokaerek ondorioak dituztela ulertzea, mundu digitalean dauden arriskuak identifikatzea eta bakoitza bere burua babesteko gai izatea.

Urtarrilaren 24an, eguaztena, guraso eta oro har interesa izan dezaketen herritarrentzako hitzaldia egingo da, 18:30ean. Julen Linazasoro, hezitzaile digitala eta Macsonrisas elkarteko sortzailea izango da hizlaria. Hitzaldia non egin aforoaren arabera erabakiko da eta jakinaraziko zaie izena ematen dutenei. Parte hartzeko, izena eman behar da, udaletxeko euskara zerbitzuko 946833668 telefonora deituz edo formulario hau betez: eman izena hemen.

Lehen Hezkuntzako 3.mailatik 6.mailarainoko ikasleei zuzendutako saioak ere egingo dira. Hezitzaileak joango dira ikastetxeetara eta gelaz-gela landuko dituzte edukiak ikasleekin. Zaldupe eskolan otsailaren 12an egingo dira aipatutako saioak eta martxoaren 5ean, ostera, Zubi Zahar herri ikastolan.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina