Kulturak uhera luze eta ederra utzi du udan herrian eta ekimenaren balorazio oso positiboa egin du udalak

0

Zapatuan amaitu zen Kultur Uheri ekimena, Biren eta Patxi Saizen kontzertuekin, Zaldupe eskolako jolastokian. Horrela eman zaio amaiera abuztuko eta iraileko lehen asteburuko bariku, zapatu eta domeka iluntzeak bete dituen kultur ekimenari.

  Biren.

Patxi Saiz.

[KULTUR UHERI 2020: ARGAZKIAK]

Kultur Uheri ekimenaren balorazio positiboa egin du Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak. «Herritarren mezu asko jaso ditugu hilabete guztian eta gehienak izan dira onak. Guretzako ere ederra da herritarrek gozatu egin dutela ikustea. Artistek ere eskertu dute gure apustua kulturarentzako hain zaila den une honetan». Aristondok azpimarratu du ahalik eta egitarau anitzena antolatzen ahalegindu zirela eta gainera Berdintasun sailaren laguntza ere eduki zutela: «gure asmoa kultur jaialdi bat antolatzeaz gain ekintzak mezu zehatzak transmititzeko tresna gisa baliatzea zen eta uste dut lortu dugula: berdintasuna, aniztasuna, euskara, sormena…». «Horrez gain, astero ekintza bat umeentzako izatea ere oso garrantzitsua zela iruditu zitzaigun. Kultura denontzat dela eta guk hori sustatu behar dugula aldarrikatu nahi izan dugu nolabait. Funtsean, badagoela kultur jarduerak antolatzerik Koronabirusaren garaian ere».

[KULTUR UHERI 2020: ARGAZKIAK]

“Eskerrak eman nahi dizkiet ekintzaren bat ikustera etorri diren guztiei. Egoeraren berezitasuna kontuan hartuta ez da erraza izan gauza asko normaltasunez egitea, baina ikusleen jarrerak eta arauak betetzeak asko erraztu ditu gauzak ikuskizun guztietan”.

[KULTUR UHERI 2020: ARGAZKIAK]

Kultur arlotik azpimarratu dute hasieran ekintza bakoitzean ikusle gehiago egotea aurreikusten zen arren, abuztu erdialdeko dekretu berriak aforoak murriztea eragin zuela. Hala eta guztiz ere, sarrera guztiak amaitu ziren bost ekintzatan: Tio Teronen Semeen dantza ikuskizunean, bertso saio musikatuan, Biren eta Patxi Saizen kontzertuan, Dantzarte eta LaSala konpainien dantza emanaldietan eta Inpro Komeryak bakarrizketa saioan. Eguraldi txarrarengatik lekuak aldatu behar izan direnean ere artistek eta ikusleek erakutsitako eskuzabaltasuna ere eskertu du zinegotziak balorazioan.

Iñaki Maruri, Inpro Komeryak bakarrizketa saioan.

[KULTUR UHERI 2020: ARGAZKIAK]

Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkie Turismo Bulegoari, sarreren salmentaz arduratzeagatik, Zaldupe eskolari eta ekintzen antolaketa lanetan laguntzen aritu diren zazpi herritarrei ere. Aurrerantzean ere, egoera hobetzen ez bada, halako jarduerak antolatzeko prest dago Ondarroako Udala.

Dantzarteren dantza ikuskizuna.

Publiée par UdalBarriak sur Jeudi 20 août 2020

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina