Ondarroako Udalak egoera berrira moldatuta eta protokolo eta funtzionamendu berriekin irekiko du Errebala Txikiñe Gaztelekua; izena eman beharko da urriaren 3an eta 4an

0

Covid-19ak eraginda, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak moldatuz doaz apurka-apurka, irekiera datak ailegatzen joan ahala. Ondarroako Udalaren apustua da ahal bada behintzat udal zerbitzuak ez ixtea, eta moldaketekin bada ere zerbitzuak eskaintzen jarraitzea. Horietako bat da Errebala Txikiñe Gaztelekua, asteburuetan herriko gazteen topalekua izaten dena. Protokolo eta funtzionamendu berriak eta higiene arauak betetzeko, Gaztelekua erabili nahi dutenek izena eman beharko dute urriaren 3an eta 4an Gaztelekuan bertan. Gero erabiltzaile izateko, derrigorrezkoa izango da izena egun horietan ematea.

Ondarroako Udalak eta Gaztelekuan hezitzaile zerbitzua eskaintzen duen Eragintzak egindako batzarretan hartu dira erabakiok, herriko gaztetxoentzako onenak direlakoan euren aisialdia ahal denik eta modu seguruenean bermatzeko. Gaztelekuan, burbuila taldeak egingo dira. Hasiera batean, LH6, DBH-1eta DBH-2ko taldeak eta DBH-3 eta DBH-4koak elkarrengandik bereziko dira eta txandaka joango dira asteburu desberdinetan, hau da, hamabostero aldatzen.

Gaztelekua erabili nahi dutenek izena eman beharko dute urriaren 3an eta 4an Gaztelekuan bertan. Gero erabiltzaile izateko, derrigorrezkoa izango da izena egun horietan ematea.

Asteburu bakoitzean Gaztelekuan egon direnak zein izan diren jakiteko, eta zerbait gertatuz gero segidan protokoloak martxan ipini ahal izateko, izen-abizenak eta telefono zenbaki bat hartuko zaizkie erabiltzaileei. Hala eta guztiz ere, norbaitek izena eman badu eta arrazoiren batengatik Gaztelekura ez badoa, abisatu egin beharko die hezitzaileei. Gaztelekura sartu aurretik eta irtetzean eskuak garbitu beharko dira, sarreran tenperatura hartuko da eta maskarila derrigorrezkoa izango da. “Gazteek euren aisialdiaz ahalik eta modu seguruenean gozatzea da gure asmoa, eta horretarako ezarri ditugu neurri hauek”, azaldu du Eneritz Basurko Pagoaga alkateorde eta Hezkuntza batzordeburuak. “Horrez gain, oso garrantzitsua da neurria guztiak betetzea kontuan hartu behar delako herriko ikastetxe desberdinetako ikasleak batzen direla Gaztelekuan, eta horrek segurtasun neurriak handitzea eskatzen du, ikastetxeetan gorabeherarik ez egoteko”.

Cod-19 gela. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak hezkuntza zentro guztiei eskatzen dien bezala, Errebala Txikiñe Gaztelekuan ere Covid-19 gela bat egongo da, zerbait gertatuz gero protokoloa zehatz jarraitzeko. Horrez gain, Gaztelekua itxi ostean desinfektatu egingo da, hurrengo erabiltzaileek gunea behar bezala aurkitu dezaten.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina