Eguraldi txarrarekin PCR frogak egiteko udalak bi etxola ipiniko ditu Osasun Zentroaren kanpoaldean

0

Ondarroako Osasun Zentroaren eta herritarren eskariz, Ondarroako Udalak bi etxola ipiniko ditu Osasun Zentroaren kanpoaldean, eguraldi txarrarekin ere Covid-19aren PCR frogak behar bezala egin ahal izateko. Udalaren eskumena ez den arren, alkateak esan du herritarrak ezin direla neguan eta eguraldi txarrarekin frogak aire librean egiten egon, eta horregatik ipiniko dituela udalak alokatuko dituen bi etxolak. “Osasun Zentroak laguntza eskatu zigun, eta uste dugu lagundu egin behar dugula, gure herritarren osasuna zaintzeko baita. Uda sasoirako ere karpak utzi genizkien, baina negurako zerbait egonkorragoa behar da”. “PCR frogak egiteaz gain Osasun Zentroak beste erabileraren bat ere eman diezaioke etxolei, euren beharrizanen arabera”.

Uda sasoian Ondarroako Udalak utzitako karpak erabili dira.

Zunbeltz Bedialauneta: “urriaren 19ko asterako espero dugu etxolak Ondarroan edukitzea. Udalarentzat beste gainkarga ekonomiko bat da hau, baina herritarren osasuna zaintzeko nahitaez egin behar dugun esfortzua dela uste dut”.

Udalak, beraz, bi etxola ipiniko ditu: “sarrera eta irteerak egoteko bina ate edukiko dituzte, eta baita leihoak ere, aireztapena bermatzeko. Geroago, beste erabilera batzuk ere eman ahalko zaizkie etxolei, itxarongela gisa esaterako”. “Halako pandemia baten aurrean inoiz baino gehiago zaindu behar ditugu herritarrak zein gu artatzen gaituzten osasungintzako profesionalak. Herritarrei euren burua zaintzeko eta arauak betetzeko konpromisoa eskatzen diegun bezala, instituzioek ere baliabideak ipini behar dituzte”. Alkateak azpimarratu du ardura Osasun Sailarena izan arren, beraiek iristen ez badira eta posible den heinean, udalak bitarteko guztiak ipiniko dituela herritarren eta osasungintzako profesionalen eskura: “osasungintzan, beste alor batzuetan bezala, ezin dugu murrizketarik egin. Udalarentzat beste gainkarga ekonomiko bat da hau, baina herritarren osasuna zaintzeko nahitaez egin behar dugun esfortzua dela uste dut”.

Osasun Zentroko etxolez gain, udala beharrizana dagoen herriko beste lekuren baten ere halako etxolaren bat ipintzea aztertzen ari da, eguraldi txarrari aurre egiteko.

Bien bitartean, pandemia hasi zenetik ostegunero egiten duten bezala, Ondarroako Udaleko langileek Osasun Zentroa barrutik eta kanpotik desinfektatzen jarraituko dute.

Udal langile bat, Osasun Zentroa desinfektatzen.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina