Erabiltzaileentzako zerbitzuak eta eskaintza areagotu ditu Zaldupe udal kiroldegiak, garbitasuna mantenduz protokoloak egokituta

0

Udalak, beste esfortzu bat egin du erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzu kopurua areagotzeko, eta horrela lortu da squash kantxa (azaroaren 2tik aurrera, asteburuetan), boulderra, cycling birtuala (astelehenetan, eguaztenetan, barikuetan, zapatuetan eta domeketan) eta gimnasioko erabiltzaileentzako aldagelak erabilgarri egotea (azken hauek azaroaren 2tik aurrera): “garbitasun zerbitzuak ematen dizkigun aukera guztiak baliatuta eta erabiltzaileen segurtasuna oinarri izanda lortu dugu zerbitzu hauek eskaini ahal izatea”, esan du Nagore Badiola Alberdi kirol zinegotziak; “instalakuntzen erabilera protokoloak egokitzen ari gara etengabe beharrizanei erantzun ahal izateko”. Kiroldegian diharduten kirol taldeak ere martxan daude. Bakoitzak bere protokolo propioa dauka, kiroldegiko betebehar orokorrez gain. Umeen ikastaroak ere martxan jarri dira.

Boulderra eskuragarri dago erabiltzaileentzat.

Erabiltzaileek gaurtik aurrera boulderra erabiltzeko aukera edukiko dute. Gimnasioko erabiltzaileek ere aldagelak erabiltzeko aukera edukiko dute, azaroaren 2tik aurrera: “eskariak eduki ditugu, eta esfortzuak eginda eta ordutegiak eta protokoloak berregokituta baliabide gehiago edukitzea lortu dugu”. “Argi utzi nahi dut esfortzu handia dela ordutegiak, garbitasuna eta orohar antolakuntza guztia koordinatzea erabiltzaileei bermedun zerbitzu bat eskaintzeko, eta eskerrak eman nahi dizkiet kiroldegiko langileei egiten ari diren lanarengatik”.

  • Squash kantxa asteburuetan erabili ahalko da, aurretik erreserba eginda (azaroaren 2tik aurrera).
  • Boulderra ere erreserbarekin erabili ahalko da. Gehienez 3 lagun aritu ahalko dira batera, 2 horman eta bat itxaroten, distantziak mantentze aldera. Garbitasuna eta higienea bermatze aldera, magnesio likidoa erabiltzea eskatzen zaie eskalatzaileei.
  • Gimnasioko erabiltzaileek orain arte bezala funtzionatuko dute, erreserbekin. Aldagelak erabiltzeko aukera ere ordutegi horren arabera antolatuko da (azaroaren 2tik aurrera).
  • Cycling birtualak: gelan 18 bizikleta daude. Ordu berean 9 erabiltzaile sartu ahal izango dira saio berdinera (hau da distantziak mantenduz gelan sartzen den aforo gehiengoa). Egunean, gehienez jota, 18 erabiltzaile igaro ahal izango dira cycling gelatik, bat bizikleta bakoitzeko. Ikastaroak ez dauden orduetarako eman ahalko dute izena erabiltzaileek.

Igerileku handian 10:30etik aurrera bi lagun aritu ahalko dira kale bakoitzeko.

Igerileku handia. Igerileku handiak funtzionamendu berdina izaten jarraituko du. Goizeko lehen orduetan, 10:30ak arte, nagusientzako eta errehabilitazio saioak egin behar dituztenentzako gordetako orduak izango dira. “Uste dugu ordu hauek gordeta eduki behar ditugula, pertsona zaurgarrienen segurtasuna bermatzea inoiz baino garrantzitsuagoa baita Covid-19arekin”. Ordu horretatik aurrera, bi igerilari egon ahalko dira igerileku handiko kale bakoitzeko.

Diru itzulketak egiteko prozesua azaroan hasiko da. Lehenengo martxoan eten ziren ikastaroei dagokien parte proportzionalen itzulketak egingo dira. Abenduan, ostera, abonoei dagozkien itzulketak egingo dira. Itzulketa hauek urte amaieran egitea erabaki da geratzen diren egunetan gerta daitezkeen gorabeherak ere kontuan hartu ahal izateko eta itzulketak aldi bakarrean egin ahal izateko.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina