Lander Garrok irabazi du XX. Augustin Zubikarai nobela beka, ‘Faith’ proiektuarekin

0

Lander Garrok irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen duten Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren 2020ko edizioa. Garrok, Faith (fedea) izeneko proiektua aurkeztu zuen nobela beka lehiaketara eta epaimahaiak berau saritzea erabaki du. Aurten ere, Ana Urkizak, Leire Bilbaok eta Xabier Mendigurenek osatu dute epaimahaia. 29 lan aurkeztu dira lehiaketara. Urte bete edukiko du nobela idazteko.

Epaimahaiak azpimarratu du proiektuan oso ondo uztartzen direla gai sakonak eta gai arinak, bizitza errealean bezala eta proportzio egokian. Idazkera funtzionala duela ere nabarmendu dute, irakurlea oso erraz eramaten duena. Proiektuan irakurritakoaren arabera, lan entretenigarri eta dibertigarri baten oinarria izan daitekeela esan du epaimahaiak, eta proiektuaren estilo zinematografikoa goraipatu dute, narrazioa eta elkarrizketa bezalako estiloen arteko mugimendu egokiekin.

[LITERATUR AMUAK JAIALDIA]

“Faith” du behin-behineko izenburua Lander Garroren proiektuak, eta bertan kontatzen du Xabi Ugartek, idazlearen alter ego-ak, Bartzelonan pasatzen duen aldia, argazkilaritza ikastera joanda, hemengo giro nahasitik eta poliziaren jazarpenetik urrundu nahian. Idazkera fresko eta sinesgarria, eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia, gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia eta testuaren erritmoa nabarmentzen dira, besteak beste, eleberri-asmo honetan.

[LITERATUR AMUAK JAIALDIA]

Irabazleak bere proiektua azaltzeko ekitaldia urriaren 30ean egingo da, 18:00etan Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jaialdiaren baitan. Xabier Mendigurenek elkarrizketatuko du Garro, bere proiektua zehatzago ezagutzeko eta bere lana nondik joan daitekeen azaltzeko. Garrok, urte bete edukiko du nobela idazteko eta datorren urteko Literatur Amuak jaialdian aurkezteko. Ildo horretatik, ekitaldi berean aurkeztuko du bere nobela 2019an beka lortu zuen Idoia Garzesek: Mendiko gaitza.

2019ko Zubikarai sari banaketa. Eserita, Eneko Barberena 2018ko sariketako irabazlea bere liburua aurkezten eta Idoia Garzes, iazko irabazlea, proiektua aurkezten. Zutik, berriz, udal ordezkariak eta epaimahaikideak. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Lander Garro 1975ean jaio zen Errenterian eta Hendaian bizi da gaur egun. Idazle gisa, besteak beste, Orain galdera berriak ditut ipuin liburua eta Kontrarioa eta Gerra txikia nobelak idatzi ditu. Ikus-entzunezkoen egile gisa, berriz, argazkilaritzan nabarmendu da, telebista saioen gidoi eta errealizazioan, eta zinemako zuzendaritzan ere bai. Azkena, Bi urte, lau hilabete eta egun bat, intsumisioari buruzko dokumentala.

[LITERATUR AMUAK JAIALDIA]

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu zen.. Orduz geroztik, irabazle hauek eduki ditu lehiaketak:

  • 2010. Joxean Agirre, Zwei Frauen (Bi emakume).
  • 2011. Itxaso Araque, Damutzen ez direnak.
  • 2012. Garbiñe Ubeda, Hobe isilik.
  • 2013. Garazi Kamio, Orube abandonatuak.
  • 2014. Jasone Osoro: 12etan bermuta.
  • 2015. Miren Gorrotxategi: 33 ezkil.
  • 2016. Katixa Agirre: Amek ez dute.
  • 2017. Xabier Etxeberria: Berriro itzuliko balitz.
  • 2018. Eneko Barberena: Afrikanerrak.
  • 2019. Idoia Garzes. Mendiko gaitza.
  • 2020. Lander Garro.

[LITERATUR AMUAK JAIALDIA]

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina