Musika Plaza goizetan egongo da zabalik ibilgailuentzat, eta 14:00etarako hustu beharko da; goizetan kotxeentzat arnasgunea izatea da helburua

0

Musika Plaza ibilgailuak uzteko zabalik egongo da aurrerantzean, astelehenetik barikura, goizeko 08:00etan hasita eta 14:00etarako hustu egin beharko da. Goizetan, ibilgailuak uzteko arnasgunea izango da Musika Plaza baina arratsaldetan berriz ere oinezkoentzako gunea izango da. Neurri berri hau bihar (azaroak 19) abiatuko da.

Helburua herrian dagoen aparkatzeko arazoari irtenbide bat ematea da, batez ere goizetan; bai herrigunera kotxez datozen ondarrutarrentzat, inguruetatik zereginetara datozenentzat eta baita banaketa lanak egiten dihardutenentzat ere.

Musika Plaza aldi baterako aparkalekua izango da. Goizetan, 08:00etan, Udaltzaingoak zabalduko du plazarako sarrera eta eguerdiko 14:00etarako kotxe guztiak kanpoan egon beharko dira, plaza itxi egingo baita arratsaldez berriz ere oinezkoena bilakatzeko. Hileta elizkizunak dauden egunetan orain arteko funtzionamendu bera edukitzen jarraituko du, eta hiletara doazenek autoa bertan utzi ahal izango dute, eta elizkizuna amaitutakoan atera.

Aparkalekuak. Ondarroako Udala jakitun da herrian aparkatzeko dagoen arazoarekin. Hori dela eta hainbat neurri ipini dira edo ipiniko dira martxan arazoari aurre egiteko: “abandonatutako ibilgailuak erretiratzeko zerbitzua martxan dago, anexuko aparkalekua berregokitzeko proiektuaren idazketa ere amaitzear dago eta horren ostean etorriko da Itsasaurren aparkalekua egiteko idatzitako dagoen proiektuak daukan bideragarritasunaren azterketa”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Alkateak.

HONEKIN LOTUTA:

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina