Iragan asteko baheketa masiboetan 1.530 test egin ziren eta horietatik lauk eman dute emaitza positiboa

0

Iragan asteko eguenean eta barikuan Covid-19aren PCR proba masiboak egin zituen Osakidetzak Ondarroa eta Berriatuako 13 eta 40 urte bitarteko herritarren artean. Guztira, 1.530 froga egin ziren eta horietatik lau izan dira positibo eman dutenak.

Ondarroako Osasun Zentrotik udaletxera gaur (azaroak 30, astelehena) goizean helarazitako datuen arabera froga egitera deituta zeuden 2.585 pertsonatik 1.530ek egin zuten, hau da, deitutakoen %59ak. Froga guzti horietatik lau izan dira emaitza positiboa eman dutenak, hau da, PCRa egin zuten herritarren %0’26.

ONDARROA-BERRIATUA BAHEKETAREN DATUAK

  • ADIN TARTEA: 13-40 urte.
  • DEITUTAKOAK: 2.585 pertsona.
  • FROGA EGINDAKOAK: 1.530 pertsona. (%59).
  • POSITIBOAK: 4. (%0’26).

Osasun Zentrotik azpimarratu dute Ondarroako positibo gehienak pandemia hasi zenetik 40 eta 65 urte bitarteko herritarrengan eman direla, eta emaitzek argi utzi dutela orain ere 13-40 adin tartean intzidentzia oso txikia dela; “horrek ez du esan nahi orain neurriak aldatu behar ditugunik”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Alkateak. “Gehienetan gazteak dira seinalatuak, baina emaitzek argi laga dute gazte gehienek ondo egiten dituztela gauzak, eta uste dut hori benetan azpimarratzekoa dela”. Eskerrak ere eman nahi izan ditu: “frogak egotea oso garrantzitsua zen eta eskerrak eman nahi dizkiet Txomin Agirre ikastolara hurbildu ziren herritar guztiei. Baita ere eskerrak frogak egitea ahalbidetu zuten Osakidetzako langile guztiei. Mila esker!”. Pandemia hasi zenetik Ondarroan emandako kasu positibo gehientsuenak familiartekoak izan direla esan dute Osasun Zentrotik, hau da, etxeko norbaitek positibo eman eta gero senideak kutsatzea.

Zurrumurruak saihestu. Asteburuan whatsappeko mezu bat ibili da herritarren mugikorretan iragan asteko baheketari buruzko ustezko datuekin; datuak oker zeuden. Ondarroako Udalak eta Ondarroako Osasun Zentroak herritarrei eskatzen diete halako zurrumurruei jaramonik ez egiteko eta horiek ez zabaltzeko, askotan datu okerrak izaten baitira. Herritarrei eskatzen zaie iturri ofizialetatik eta fidagarrietatik datozen mezuei soilik jaramon egiteko.

ZAINDDU DAIGUN ALKAR!

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina