Herrian dagoen aterpe bakarrenetakoa izanik garrantzitsua ikusi dute bai ikastetxeak eta bai udalak asteburuetan ere zabalik egotea jolastokia. Horrela, gainera, umeek beste jolasgune bat edukiko dute erabilgarri zapatu eta domeketan, eskolako naturgunea. Asteburu honetan zabalduko da.
Udaltzaingoa arduratuko da ikastetxeko atea (erreka ondokoa) zabaltzeaz goizetan eta ixteaz iluntzetan, beraien ordutegiarekin batera. Eneritz Basurko Hezkuntza batzordeburuak esan du asteburuetan gazteen jolasgunea izan ohi dela Zaldupe eskolako jolastokia eta sartzeko hesia pasatu beharra eduki dutela orain arte gazteek: “bai eskolak eta bai udalak uste dugu zentzuzkoa dela atea zabaldu eta ume zein gazteei bertan jolasteko aukera ematea, hesiak pasatzen ibili beharrik gabe”. “Orain arte hesia pasatzen zutenak bakarrik sartu ahal ziren jolastokira. Aukera hori zabaldu nahi dugu, haur eta gurasoak ere sartu daitezen”.
Azpimarratu du baina, ikastetxeko jolastokia zabalik mantentzeko baldintza bakarra ipini dutela bai udalak eta bai ikastetxeak: garbitasuna. “Azkenaldian, astelehenetan, zakarrez beteta agertu da ikastetxeko jolastokia, asteburuetan bertan ibiltzen direnek utzitako hondakinen ondorioz. Eskola lanketa bat egiten ari da bere ikasleen artean, hori ez gertatzeko, eta guk ere dei egiten dugu gune hau zabalik edukitzea nahi badugu garbi mantendu behar dugula jakin dezan bertara doan herritar orok, bertako ikasleak izan edo ez”. “Uste dugu merezi duela espazio hori herritar guztiei zabaltzea eta denon artean garbi mantentzen ahalegintzea”.
Argiteria. Jolastokia neguko arratsalde ilunetan ere erabilgarri egoteko, jolastokiaren barrualdean dagoen frontoian ere argiteria ipiniko da, ahalik eta eremu estali handiena argiztatuta egoteko.