Inauteriak bertan behera uztea erabaki du Ondarroako Udalak

0

Otsailaren 13an (zapatua) eta 16an (martitzena) ospatu behar ziren inauteriak bertan behera lagatzea erabaki du Ondarroako Udalak, Covid-19a dela eta ezinezkoa baita ohiko formatuan jaiarekin aurrera egitea. Inauterietan jende pilaketak sortzen dira, bai zapatuan eta baita martitzenean ere, eta pandemia honen erdian beharrezkoa da halako pilaketak saihestuko dituzten neurri guztiak hartzea.

Iaz, inauteriak izan ziren herrian antolatutako azken festak, orduz geroztik ohiko jaialdi, festa eta ospakizun guztiak bertan behera utzi behar izan baitira Covid-19a dela eta. Jairako hilabete geratzen den arren, egoera zein den ikusita eta ondorioak zein izan daitezkeen kontuan hartuta udalak ekintzarik ez antolatzea erabaki du.

Orain arte udalak zein herriko eragileek bertan behera laga dituzten jai edo festetan egin bezala (iazko Antxoa Egune, Kamiñazpi eta Gorozikako jaiak, San Juanak, Zapato Azule edota Andra Mari jaiak esaterako), inauterietan ere jairik ez egiteko deia egiten zaie herritarrei, eta denon osasunaren izenean erabakiak eta arauak errespetatzeko. “Herriko eta iaz bertan behera utzi behar izan ziren jai guztietan ez zen arazorik egon, jendeak ondo errespetatu zuen kasu gehientsuenetan festa bertan behera uztea. Oraingoan ere horrela izatea eskatzen dugu”, esan dute udal ordezkariek.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina