‘Txakurrak eta gu. Elkarrekin bizitzeko gida’ aurkeztu dute Ondarroako Udalak eta Txakur Jabeen Elkarteak

0

Herriko Txakur Jabe Elkarteko kideekin batera egin da aurkezpena, herritarren eta txakurren arteko elkarbizitza hobetzeko eta Ondarroan animaliak eduki eta babesteko ordenantza arautzailea azaltzeko. Proiektu honen helburua kontzientziazioa eta bakoitzaren eskubide eta betebeharrak argitzea da. Txakur kakak beti jaso behar dira eta herri barruan txakurrak lotuta egon behar dira. Animaliaren bat duen orok ditu eskubide eta betebeharrak, tartean, txakurraren kakak beti jasotzeko betebeharra.

2019ko abuztuan argitaratu zuen udalak egungo ordenantza, txakurren jabeekin lanketa egin ostean eta herritarren ekarpenak jaso ostean, eta bi udal taldeek ohiko udalbatzan aho batez onartuta.

[IRAKURRI HEMEN UDAL ORDENANTZA]

Proiektua garatzeko baliabide desberdinak ipini ditu martxan udalak. Alde batetik, eskuorriak argitaratu dira txakurrak solte egoteko leku eta ordutegiak zehaztuz, ordenantzan agertzen den bezala. Eskuorri horiek udaletxean daude eskuragarri eta etxez-etxe ere banatuko dira. Bestalde, herriko hainbat gune desberdinetan seinaleak ere ipini dira. Batzuk, txakurrak lotuta eraman behar direla gogorarazten dute, beste batzuek txakur kakak derrigor batu behar direla eta besteek txakurrak aske ibiltzeko leku eta orduak azaltzen dituzte. Dendetara ere banatu dira kartelak, txakurrek ez dezaten erakusleihoetan edo sarreretan txixik egin.

Herria zaintzea denon ardura da. Txakur kakak batu egin behar direla esaten dugun moduan lurrera hondakinik ez botatzea ere denon ardura da: ez zigarro hondakinik, ez paperik… denak dauka lekua edukiontzietan. Zaindu dezagun Ondarroa ondarrutarron artean!

Ondarroako Udaletik eta Txakur Jabeen Elkartetik zehaztu dute badakitela txakur jabe gehienek batzen dituztela euren txakurren kakak eta euren betebehar guztiak ondo betetzen dituztela. “Ez da bidezkoa batzuek txarto egiten dutelako txakur jabe guztiak seinalatzea”. Hala eta guztiz ere txakur kaka asko agertzen dira herriko kaleetan eta arazo hori konpondu egin behar da. “Txakurra duenak eskubide eta betebehar batzuk ditu, eta betebehar horietako bat bere txakurraren kaka batzea da”.

Txakur kaka bat, Artabiden, asteburuan.

Txakur kaka bat, Itsasaurreko berdegunean, atzo.

Txakur Jabe Elkartearekin elkarlanean, Ondarroako Udalak galdutako txakurren harrera eta zainketa egiteko gune bat ere ipiniko du Dongreneko eraikinaren azpiko lursailean. “Lursail horretan galdutako txakurrentzako etxola bat ipiniko dugu, elkarteko kideek txakur hori zaindu dezaten jabea agertu bitartean”. Horrez gain, eta dagoeneko ordenantzan jasota dagoen moduan, anexuko barrualdeko eremuan ere txakurrentzako zabalgune bat egingo da. Lehengo futbol zelai zatia dagoen eremua atondu eta hesitu egingo da. Horrez gain, aulki batzuk eta txakurrei egokitutako iturri bat ere ipiniko dira. “Txakurrentzako guneak zein diren esateaz gain, gune horiek egokitu ere egin behar ditugu”, esan du alkateak. “lan horiek anexuko aparkalekua asfaltatzeko lanak hasten direnean egingo dira, dena batera, proeiektu berean. Lur eremu zabal horren ardura duten beste erakunde batzuekin harremanetan gaude lanak ahal bezain laister hasi ahal izateko”.

Txakurren edo katuen jabeek edo animalia horiek dituztenek identifikatu egin behar dituzte hilabete bateko epean, jaiotzen diren edota eskuratzen dituzten unetik kontatzen hasita; era berean, Udaletxean erroldatu behar dituzte epe berean, udalerrian etengabe edo hiru hilabete baino gehiagoko denboran egon behar badute. Betebehar hori beste animalia batzuek ere izan dezakete.

[IRAKURRI HEMEN UDAL ORDENANTZA]

Txakurrak beti egon behar dira lotuta, txakurra edozein arrazatakoa izanda ere. Inguruan jenderik ez dagoenean ere bai. Txakurrak solte horretarako baimenduta dauden lekuetan egon behar dira bakarrik:

TXAKURRAK SOLTE EGON DAITEZKE, ORDUTEGI BARIK:

  • Zubi Zahar herri ikastolaren atzean, ibaiaren alboan.
  • Zaldupeko anexoaren atzeko aldeko lursailean.
  • Kanposantuaren ondoko basoan.
  • Pixapetik Artabidera doan bidean.

TXAKURRAK SOLTE, 22:00etatik 09:00etara:

  • Arrigorri hondartzan, maiatzean eta urrian. Hondartza garaiak irauten duen bitartean debekatuta dago 24 orduz eta neguan, ostera, baimenduta egun osoz.
  • Errenteriatik Saturraraneraino doan pasealekuan.
  • Errebala Txikiñeko berdegunean.

TXAKURRENTZAKO BESTE GUNEAK:

  • Institutu alboan.
  • San Juan Txurru goialdean.
  • Plaiko Zubiaren alboko zelaitxoan.
  • Ibaiondo hasieran.

Txakurrak solte egoteko lekuak.

Kanpainaren aurkezpenean, gaur, alkatea eta Txakur Jabeen Elkarteko kideak.

Eskaparate, atari eta umeen jolasguneetan, txixik ez. Herritar askoren kexa da azkenaldian txakur askok denden sarreretan edo erakuslehioetan txixa egiten dutela. Horrez gain, etxe atarietan eta umeen jolasgune batzuetan ere txixa egiten duten txakurrak ere badaudela baieztatu da. Udaletik gogorarazi nahi dugu txakurrei ez zaiela utzi behar txixik egiten besteenak diren jabetzetan, eta are gutxiago denda, etxeko sarrera edo umeen jolasguneetan. Horrez gain, txakurrak kalean txixa egiten duenean ur apur batekin garbitzea eskatzen da, txixa kale erdian geratu ez dadin.

[IRAKURRI HEMEN UDAL ORDENANTZA]

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina