Ziklomotorren azterketa teknikoa Ondarroan egiteko aukera egongo da apirilean, baina izena aurretiaz eman beharko da

0

Ziklomotorren azterketa teknikoa ondarrutarrek zein inguruko herrietakoek pasa ahalko dute Ondarroan. Hasiera batean apirilaren 21ean etorriko dira Ondarroara (lekua aurrerago zehaztuko da). Aurretiaz beharrezkoa izango da izena ematea Ondarroako Udaltzaingoan, martxoaren 1etik 19ra bitartean.

Izena ematerakoan, martxoaren 1etik (astelehena) martxoaren 19ra (barikua) bitartean, tasaren ordainketa ere egin beharko da. Dokumentazio guztia, aldiz, azterketaren egunean bertan aurkeztu beharko zaie bertako langileei.

Ibailgailu orok eduki behar du derrigor azterketa teknikoa pasatu izanaren ziurtagiria.

Izena ematen duten pertsonen arabera erabakiko dute eskaria nahikoa ote den eta zenbat egunetan etorriko diren Ondarroara. Oraingoan, gainera, ordainketa ere Ondarroako Udaltzaingoan bertan egin ahal izango da: “dirua hemen jasoko dugu eta gero gu arduratuko gara zerbitzua diru horrekin ordaintzeaz. Horrela egin ezean, gidariak Atxondora joan beharko lirateke tasa ordaintzera, nahiz eta zerbitzua Ondarroan jaso. Bidezkoagoa ikusten dugu ordainketa ere hemen egitea, eta are gehiago Covid-19aren arazoarekin”, zehaztu dute Udaltzaingotik.

Bizkaian soilik sei herritan egongo da azterketa teknikoa herrian bertan pasatzeko aukera eta horietako bat izango da Ondarroa. “Udaltzaingoa lanean aritu da zerbitzu hau herrian bertan eskaini ahal izateko eta lortu egin dute. Kontutan hartuta Bizkaian bakarrik sei herritan eskainiko dela uste dut albiste azpimarragarria dela”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina