Mugikortasun murriztua dutenen aparkalekuetako iruzurrak kontrolatzeko kanpaina abiaraziko du Udaltzaingoak

0

Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako aparkalekuetan ematen diren iruzurrekin amaitzeko kanpaina abiaraziko du Ondarroako Udaltzaingoak datorren astetik aurrera

“Aspaldian asko dira trikimailu ezberdinak erabiliz mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako erreserbatutako aparkalekuak behar ez bezala erabiltzen dituztenak, benetan beharrizana daukatenei euren eskubidea urratuz”, zehaztu du Ondarroako udaltzainburuak. Hori dela eta, udaltzaingoak kanpaina bat abiarazi du ibilgailu hauek identifikatu eta jabeak salatzeko. Gehienbat, erabilera okerra kasu hauetan ematen da: txartelik eduki gabe aparkatzea, iraungitako txartelarekin aparkatzea, hildako senideren baten txartela erabiltzea edo txartelaren erabilera ezegokia eginez aparkatzea; hau da, txartelaren jabeak autoaren beharrik izan gabe beste gidari batek txartel hori erabiltzea.

Baimendu txartela pertsonal eta transferiezina da eta bakarrik titularra autoaren gidaria denean edo bertan doanean erabili daiteke, 256/2000 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak herritarrei errespetuz jokatzeko deia egin die, eta esan du aparkaleku hauek behar bezala erabiltzea etika kontua dela: “denok dakigu norentzat diren aparkaleku horiek, eta ez dago eskubiderik norbere onurarako aparkaleku horiek erabiltzeko”. Udalak, aurretik ere egina du halako antzeko kanpaina bat, eta leloak berdina izaten jarraitzen du: “nire lekua nahi baduzu, hartu nire ezintasuna ere”.

Auto bat, Kafeko Atzeko aparkalekuan.

Aparkaleku berezi hauetan baimenduek ez aparkatzea bezain garrantzitsua da aparkalekuek dituzten marrak ere errespetatzea: “normalean aparkaleku hauek arruntak baino zabalagoak edo luzeagoak izaten dira. Horrek badu zergatia, eta da mugikortasun murriztua duen horrek espazio gehiago izatea autora sartu irtenak egiteko edo maletategitik gauzak ateratzeko. Halako aparkaleku bateko marrak ez errespetatzeak txartelaren titularraren mugikortasuna oztopatzea edo zailtzea ekar dezake”.

Ez da lehen aldia Ondarroako Udalak halako kanpaina bat martxan jartzen duena. 2018an mugikortasun murriztuko pertsonen txartelak berritzeko eta behar bezalako erabilera emateko kanpaina abiatu zuten, Karenka elkartearen eta Udaltzaingoaren bitartez.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina