Ekimenaren bigarren aldiaren balorazio positiboa egin du Ondarroako Udalaren kultura sailak. Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotziak esan du 2.000 ikusle baino gehiago egon direla ikuskizunetan eta erantzun horrekin oso pozik daudela. Ekimena antolatzerakoan ezarritako helburuak ere bete direla azpimarratu du.
Helburu horietako garrantzitsuena, kultur emanaldien bidez urte guztian udaleko arlo desberdinetatik jorratzen diren gaiak lantzen jarraitzea zen eta bete dela esan du zinegotziak: “herritarrekin landu eta jorratu nahi ditugun eta urte guztian jorratzen ditugun gaiak oholtzara eramatea lortu dugu kultur emanaldien bidez: euskara, berdintasuna, ahalduntzea, aniztasuna, aske bizitzeko beharra, etxegabeak, ekologia, artea… horiez gain, nola ez, umorearentzako eta musikarentzako tarterik ere ez da falta izan”. “Iaz ere erantzun ona eman zuten herritarrek eta aurten ere, herritarrez gain, inguruko herrietatik ere jendea gerturatu dela ikusi dugu, eta horrekin ere pozik gaude. Horrez gain ikusleen jarrera ona ere azpimarratu nahi dut, ezarrita zeuden arauak uneoro errespetatzeagatik”. Ikuskizun guztietarako jarraitu dira neurri zehatzak: sarreren aurresalmenta eta aforoen kontrola, jarlekuen esleipen zehatza, maskarilaren erabilera, eskuak garbitzea…
Helburu guztiak bete dira. Gaien lanketan sakontzeaz gain herritarrek kultur eta kirol egitarau bat eduki dute eskura bigarren urtez Andra Mari jaien faltan, herriko artista eta sortzaileei Ondarroako plaza eskaini diegu euren lanak taularatzeko, sei lagun kontratatu ditu udalak lanerako eta gainera Covid-19aren aurkako arau eta protokolo guztiak zehatz bete dira.
Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizuna eta Yogurinha Borova, Aurori Badiola eta Ibai Sanchez DJen ‘Bingiz-bingo’ ikuskizunerako sarrera guztiak agortu ziren.
Kirolak ere bere tarte propioa eduki du aurten eta modu bikainean gainera. Mikel Agirre Unamuno aizkolari ondarrutarrak 3.mailako aizkora txapelketa irabazi eta 2.mailarako igoera lortu baiztuen zapatuan frontoian, herriko ikusleen aurrean. “Une oso berezia izan zen, oso berezia baita herritar batek herrian irabaztea”, nabarmendu dute kultura arlotik.
Bertan behera geratu zirenak, asteburuan. Eskupilota partiduak eta Bentazaharreko neska mutiko alaiak taldearen kantaldia bertan behera utzi behar izan ziren, lehenengoa eguraldiarengatik eta bigarrena taldeko kide batek istripu bat eduki zuelako. Ikuskizun horiek asteburu honetan egingo dira, biak 18:00etan eta frontoian: zapatuan eskupilota partiduak eta domekan kantaldia. Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai. Berezko egunetarako sarrerak erosita zeuzkatenei sarrera berdinek balioko diete asteburu honetarako, eta norbaitek sarrerak itzuli nahi izanez gero Turismo Bulegoan egin dezake, dirua bueltan jasoz.
Aritza Aristondo: “Espero dugu 2022an Andra Mari jaiak behar bezala antolatzeko moduan egotea, denok nahi dugu hori eta. Bestela, gu prest egongo gara beste behin Kultur Uheri ekimena antolatzeko”.
Ondarroako Udalaren kultura sailetik eskerrak eman nahi dizkiete Kultur Uheri ekimenean parte hartu duten artista guztiei, ikusleei, antolaketa lanetan laguntzen aritu diren sei lagunei eta bereziki Turismo Bulegoko langileei, sarrera guztien salmentaz arduratzearren. “Udalaren sail desberdinen arteko koordinazioari esker antolatutako ekimena izan da aurten ere Kultur Uheri”.