Txomin Agirre 28ko legez kanpoko eraikina eraisten hasiko dira eguenean

0

2007an eman zen eraikin hori egiteko baimena, baina legez kanpokoa zela berretsi zuten epaitegiek, herritar batzuen salaketak medio. Orduz geroztik bide zaila eta garestia izan du prozesuak, eta eguenean (irailak 2) hasiko dira eraisketa lanekin.

Eraisketa lanek 153.891,43 euroko kostua suposatuko dute Ondarroako Udalarentzat. Aurretiaz ere hainbat kalte ordain ordaindu izan ditu udalak, legez kanpokoa zen eraikin bat egiteko baimena emateagatik, besteak beste eraikuntza enpresari edota etxea bertan izateko diru bat aurreratu zuten bizilagunei.

Lanek bederatzi asteko iraupena edukiko dute eta apurka-apurka joango dira eraikina botatzen, inguruko etxebizitzak ez kaltetzeko. Bide horretatik, lanekin hasi aurretik udaleko hirigintza saileko arduradunak bisitak egiten ari dira inguruko etxeetara lanak hasi baino lehen egoera zelakoa den baieztatzeko, kalterik balego ere behar bezala erantzun ahal izateko. Eraisketa lanak amaitzen direnean orube hutsa geratuko da espazio horretan, eta gero erabakiko da gune hori zertara bideratu, beti ere une honetan idazketa prozesuan dagoen Herri Antolamendurako Plan Orokorra eta Alde Zaharreko Plana errespetatuz.

Lanek irauten duten bitartean ez da aurreikusten alboan dagoen igogailu publikoa itxi beharrik. Horrez gain, eraikinaren azpian zeuden edukiontziak kendu egin beharko dira eta bizilagunek herriko beste puntu batzuetan utzi beharko dituzte hondakinak: Artabide 1ean (Beikozini parean), Politenako aurrean edo Musika Plazako guneetan esaterako. “Badakigu horrek zaildu egingo duela bizilagunen egunerokotasuna, baina ez dago beste aukerarik lanak irauten duten bitartean”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina