Urriaren 25etik aurrera konposta jasotzeko aukera egongo da Milloiko Andonegi plantan

0

Lea-Artibai Amankomunazgoak eskualdeko udalerri batzuetan organikoaren bilketa egiten du, kaleetan jarrita dituen 2.200 litroko edukiontzi marroiaren bidez. 2018az geroztik, eskualdeko udalerrietan batutako materia organikoa konpostegira eraman izan da eta, orain, bertatik aterako konposta herritarren eskura jarriko da Milloiko Andonegi plantan (Berriatua).

Konposta hartzeko bi baldintza bete beharko dira. Bosgarren edukiontzia ezarrita dagoen udalerrietako biztanleek hartu ahalko dute konposta, edukiontzi honen txartela aurkezten dutelarik edo auzokonpostajea egiten dutenen zerrendan egon. Bi baldintza hauek betetzen dituztenek hurrengo protokoloa jarraitu beharko dute konposta hartu ahal izateko:

1- Aldez aurretik eskaria egin beharko da 900 10 48 78 telefono zenbakira deituz. Eskaera egitean hurrengo datuak eman beharko dira: Izen- abizenak, helbidea, udalerria eta organikoaren txartelaren zenbakia edo auto/auzokonpostajean parte hartzen dutela ziurtatu.

2- Eskaera onartutakoan, telefonoz zehaztutako egun eta orduan joan ahalko da eskatzailea Andonegiko plantara. Etxebizitza bakoitzak konposta behin hartzeko aukera izango du eta, gehienez ere, 1x1x1 metroko tamainako zakua bete ahalko du. Eskatzailea bera izan beharko da konposta jaso eta garraiatzeko materialak (zakua, pala eta ibilgailua) ekartzearen arduraduna.

3- Bigarrenez hartu nahi bada, eskaria berriz egin beharko da eta Amankomunazgoak izandako eskarien arabera erabakiko du onartzea ala ez.

Hartutako konposta ezin izango da saldu edo hirugarren bati eman, ezta Lea Artibai Amankomunazgokoa ez den beste udalerrietan erabili.

Horrelako zaku bat hartu eta goraino betetzeko aukera egongo da Andonegin.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina