Erribera kalea eta Antiguarako bide zaharra asfaltatuko ditu Ondarroako Udalak

0

Urtea amaitu baino lehen bi proiektuak eginda egotea da aurrekuspena: Zubi Barriko bidegurutzetik Nasa Kaleraino Erriberan asfalto inprimatua ipintzea eta Antiguarako bide zaharraren azken zatia asfaltatzea, Buenos Airestik gora gutxi gorabehera.

Asfalto inprimatua, Nasa kalean. Horrelakoa izango da Erriberakoa ere.

Lanek, guztira, 68.087,7 euroko aurrekontua edukiko dute: 41.087,7 euro Erriberako lanek eta 27.000 eurokoa Antiguarako bide zaharrekoek.

“Erribera kalean asfalta inprimatua ipiniko da, Nasa kalean dagoen berdina. Orain dagoen adokina kendu eta irisgarria den zorua ipiniko da mugimendu gehien daukan herriko kaleetako batean. Gaur egun dagoen adokinak arazo asko ematen dizkie mugikortasun arazoak dituztenei edota erosketako orgatxoarekin edo umeen kotxeekin doazenei. Hori konpontzeko, eta Nasa kalekoak ondo funtzionatu duela ikusita, Zubi Barriko bidegurutzetik hasi eta Nasa kaleraino botako dugu asfalto inprimatua”, esan du Eneritz Basurko Pagoaga hirigintza zinegotziak. Lanek pare bat aste irautea aurreikusten da, beti ere eguraldiak baldintzatuta. Lanak azaroan hasi nahi dira. “Irisgarritasunari buruzko lanketak Karenka elkartearekin batera egiten ditugu, beraiek baitira lehen eskutik arazo ezberdinak bizi dituztenak herriko kaleetan. Funtsezkoa dira eurekin batera egindako lanketak”.

Erribera kalean gaur egun Nasa kalean dagoen zoru berdina ipiniko da.

“Azken batean adokin hori ez dago oinezkoentzako pentsatuta. Bere garaian horrelako zorua ipini zen, baina oinezkoek lehentasuna izatea nahi dugun une honetan beharrezkoa da zorua ere oinezkoei lehentasuna emanda ipintzea, eta ibilgailuei lehentasuna emanda”.

Lan hauek eragina izango dute trafikoan eta lanak hasteko data zehatzak dauden unean zehaztuko dira baita ere trafikoaren gorabeherak.

Antiguarako bide zaharraren azken zatia hormigonatzearen arrazoia euri jasa handiak dauden egunetan bertatik etortzen den harri eta zikinkeria pila da. Hormigonatuko den eremua bere garaian auzolanean hobetu zen harrizko bidea amaitzen den lekutik tontorrerainokoa da. Eremu hori zaharkituta dago eta euri jasak dauden bakoitzean ur asko etortzen da beheruntz, harriak eta beste material batzuk Txomin Agirre kalean behera eramanez eta askotan Pixape, Txomin Agirre eta Goiko kaleko estolderia blokeatuz. Hori konpontzeko hormigoi eskobatua botako da, beherantz datorren ura kanalizazioetara bideratuz eta kalean behera joatea saihestuz. “Euri uren sarea babestea da helburua”, zehaztu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Auzolanean hobetu zen eremua amaitzen den lekutik gora egingo dira lanak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina