Ondarrutar Naturala lehiaketa antolatu du udal euskara sailak abenduaren 19rako

0

Iazko azaroaren 29an egin zen azken saioa eta izan zuen arrakasta ikusita saioa errepikatzea erabaki du Ondarroako Udalaren euskara sailak. Oraingoan, abenduaren 19an izango da lehiaketa, domekan, 18:00etan Beikozinin. Izena emateko epea zabalik dago abenduaren 12ra arte.

“Tribial itxurako bikotekako jolasa da eta Ondarroako kontu desberdinen inguruko galderez osatuta dago: galdera-erantzunak, mimika, ikusleen parte hartzea, herriko gai desberdinak (historia, kultura, euskara, kaleak, pasarteak…)… domeka arratsaldea herriko gorabeheren inguruan ondo pasatzeko saio aproposa izaten da”, esan du Arantza Atxurra Aranguren euskara zinegotziak.

Begoña Anakabe eta Alexander Idoeta iazko irabazleak, Arantza Atxurra euskara zinegotziarekin eta Ugaitz Alegria aurkezlearekin.

Izen emateko epea zabalik dago abenduaren 12ra arte. Izen emateak udaletxeko euskara sailean (1.solairuan), mrey@ondarroa.eus posta elektronikoan edota Turismo Bulegoan egin daitezke; ikasleek euren ikastetxeetako idazkaritzetan eman dezakete izena. “Herriko izaeraren, euskararen eta kulturaren transmisiorako tresna baliagarria da lehiaketa hau eta horren erakusgarria da iazko edizioa, non adin desberdinetako bikoteek parte hartu eta gai askori buruzko informazioak oholtzaratu ziren. Denok ikasten dugu herriari buruzko zerbait Ondarrutar Naturala lehiaketan”.

Lehiaketan binaka parte hartu beharko dela esan dute. “Pertsona heldu batek gazte bategaz osatu ahalko du bikotea, edo bi helduk”. Adin txikikoei dagokienez, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerakoek parte hartu dezaketela esan dute. “Horiek 16 urtetik gorako bategaz osatuko dute bikotea. Izan ere, 16 urtetik gorakoak heldu modura hartuko dira”.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina