Astelehenean (azaroak 15) hasiko dira Erribera kalean adokina kendu eta asfalto inprimatua ipintzeko lanak. Lanek pare bat aste irautea aurreikusten da (eguraldiaren arabera beti ere) eta horrek eragina izango du ibilgailuentzat; asteleheneko 08:00etatik aurrera itxita egongo da Erribera kalea autoentzat lanak amaitu arte.
Lanen helburua adokina kendu eta herritarrentzako erosoagoa eta irisgarriagoa izango den zoru bat ipintzea da, kasu honetan Nasa kalean dagoen moduko asfalto inprimatua. Lanak, Musika Eskola paretik eta Nasa kaleraino egingo dira, Erribera kalean. Asfaltos Uribek egingo ditu lanak.
Inguruko bizilagunen eta denda zein tabernen egunerokoan eragina izango dute lanek eta udaletik espero da denen arteko koordinazioarekin ahalik eta eraginik txikiena izatea bertakoen egunerokotasunean. “Beharrezkoa da Erribera kalea hobetzea oinezkoentzako batez ere. Egungo zoruak arazoak ematen ditu egunero, gehienbat mugikortasun arazoren bat dutenei, orgatxoa daramatenei edo umeen kotxeekin doazenei”.
Lanek, guztira, 68.087,7 euroko aurrekontua edukiko dute: 41.087,7 euro Erriberako lanek eta 27.000 eurokoa Antiguarako bide zaharrekoek.
Antiguako bide zaharra. Antiguako bide zaharraren azken zatia konpontzeko lanak bihar (azaroak 12) hasiko dira. Kasu honetan bide zaharraren azken zatia konponduko da. Lanek hiru aste iraungo dute eta Egiguren S.L. enpresa arduratuko da lanekin.