Danonartin elkarteak elikagaiak batzeko bilketa egingo du azaroaren 26an eta 27an, hilabete honetako azken barikuan eta zapatu goizean.
Elikagaien Bankuek data honetan egin ohi dituzte bilketak eta Danonartinek ere data hauek baliatu ditu herritarrentzako bilketa egiteko. Janari bilketa egiteko boluntarioak ere behar dira. Boluntario gisa laguntzeko prest daudenek danonartin@hotmail.com posta elektronikora idatzi behar dute, 685 769 289 telefono zenbakira deitu edo elkarteko kideren bati laguntzeko prest daudela esan. Bilketa herriko janari denden atarietan egingo da, betiko legez: Artabideko Mertxe, Bolin, Txist, Berdura Plazako Bikiak, Sabai (Lore), Kaleandiko Ana, Aitor janariak, Zaton eta Iturribarri eta Artako Eroski.
Bilketan edozein elikagai izango da ongi etorria, baina bereziki hauek biltzeko deia egin dute: lekaleak, arroza, esnea, tomatea, olioa eta kontserba latak. Ondarroako Danonartin elkartea inoiz baino herritar gehiagori ari da laguntza ematen eta herritarrei ere orain arte bezala elkartasunez jokatzeko eskatu die.