Online egindako erosketen ondorioz dirua ostu izanagatik adi ibiltzeko deia egin du Udaltzaingoak

0

Ondarroako Udaltzaingoak jakitera eman duenez azken asteetan herritar bat baino gehiago gerturatu da beraiengana Internet bidez egindako erosketaren bat eta gero kontu korrontetik dirua lapurtu diotela salatuz. Horren aurrean adi ibiltzeko esan du Udaltzaingoak.

Erosketak online egiterakoan web orri batean sartutako datu pertsonalak baliatuz (izen-abizenak, kontu korronte zenbakia eta abar) egiten dituzte lapurretak. “Guregana etorri diren herritarren ustez seguruak ziren web orrietan egin dituzte erosketak, baina handik egun batzuetara konturatu dira erosi dutenarengatik ordaindutakoa ez eze, diru gehiago ere kendu dietela kontu korrontetik”. Horren aurrean, online erosketak solik https hasiera daukaten web orrien bidez egiteko gomendioa egin dute, “horiek baitira segurtasuna bermatzen duten web orriak”. “Askotan web orriaren itxurari erreparatzen diogu bakarrik eta konfiantza osoz sartzen ditugu datu guztiak, segurua delakoan, eta hor dago gakoa. Datu horiek baliatzen dituzte gero lehenengo kopuru txiki batean eta gero handiagotan titularraren kontu korrontetik dirua hartzeko”. Halako iruzurrak saihesteko beste bide bat kreditu txartel birtualak izan daitezkeela ere azpimarratu dute.

https hasten diren webguneak edo itxitako giltzarrapoa dutenak dira seguruak.

Ondarroan salatu den kasuetako batean 4.500 euro desagertarazi dizkiote herritar bati.

Norbaitek iruzur zantzuren bat ikusten badu lehenbailehen Udaltzaingora jotzeko azpimarratu dute: “asko Kontsumo Bulegora joaten dira, baina kasu honetan hobe da Udaltzaingora etorri eta salatzea, ez baita kontsumitutakoari zuzenean lotutako arazo bat, lapurketa bat baizik”.

Garrantzitsua da baita ere Internet bidez erosketaren bat egiten den momentuan zein handik bizpahiru egunetara kontu korrontean egondako azken mugimenduak errepasatzea, halakorik gertatuko balitzateke ere lehenbailehen konturatu eta salatzeko.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina