Irisgarritasun plana herritarrekin batera idazteko parte hartze saioa egingo da martitzenean

0

Ondarroako Udalean Irisgarritasun Planaren eguneratzea burutzeko parte hartze prozesua jarri da martxan, udal-langile, teknikari, ordezkari politiko eta herritarrekin batera burutuko dena. Lehen saioa otsailaren 22an (martitzena) izango da, 18:00etan Kofradia Zaharrean.

Urtearekin batera martxan jarri den prozesuaren hurrengo pausoa udalerriko irisgarritasunaren diagnostiko partekatua egitea izango da. Irisgarritasuna bermatzea eta genero ikuspegia txertatzea lege betekizunak izanik, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzearen bitartez egitea.

Irisgarritasunaren ikuspegia, besteak beste honako gai hauekin osatu nahi da:

  • Segurtasuna eta babesa espazio publikoan.
  • Zaintza lanak eta zaintzaren mugikortasuna.
  • Denboraren kontziliazioa eta erantzunkidetasuna.

Parte-hartzerako bi une proposatu dira:
1- Diagnostikoa (otsailean): Udalerriko espazio eta ekipamendu publikoen irisgarritasun maila dianostikatu eta arazo larrienen zerrenda osatuko litzateke. Diagnostiko partekatua izango da: udal-teknikari, ordezkari eta herritarrekin batera egindakoa. Aurrez-aurreko saioen ondoren martxan jarriko da galdetegi digitala, arazoak mapa gainean jartzen lagunduko diguna.
2- Jarduketen lehenestea (apirilean): Diagnostikoan oinarrituta jarduketa ezberdinak landuko dira. Jarduketa hauei ekarpenak egiteko eta lehenestea proposatzeko aukera izango da bigarren saio honetan.

“Prozesu honetan ez ditugu hirigintzan ‘adituak’ behar, Ondarroan bizitzen ‘arituak’ baizik. Beraz, saioak herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen herritar orori zuzenduta daude, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere”, azaldu dute prozesua aurrera eramateaz arduratzen ari den Projekta Urbes enpresako arduradunek.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina