Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute berriz ere eskualdeko hainbat udal eta aholkularitzek

0

Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatea bultzatu nahi du UEMAk, eta horien artean, errenta aitorpena ere euskaraz egitea. Herritarrak horretara bultzatzeko akordioa sinatu dute gaur Ondarroako Udaletxean.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian egon dira Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako Alkatea, Koldo Goitia Lekeitioko Alkatea eta Luis Egurrola Markina-Xemeingo Alkatea, hiru herrietako hainbat aholkularitza enpresetako ordezkariekin batera: Ondarroako Felix Aholkularitza, Fideslan, Lagunkor eta Torrealday, Lekeitioko Torrealday eta Markina-Xemeingo Bideratzen, Urregarai, Ausan eta Ilure. Eurekin batera egon da baita ere Jone Antsotegi UEMAko ordezkaria ere.

Pandemia aurreko urteetan euskaraz egindako errenta aitorpenen kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik. Herritarrek administrazioarekin izaten dituzten harremanak euskaraz izatea da helburua, tartean, errenta aitorpena egiterakoan.

2019an errenta aitorpenen %47,4 egin ziren euskaraz Ondarroan. 2020an, ostera, telematikoki egin behar izan ziren aitorpenak pandemia zela eta, eta horrek %8,2ra jaitsi zuen tasa. Aurten, pandemia aurreko zenbakietara berriro hurbiltzea da helburua.

Administrazioa euskalduntzeko bidean eredu izan nahi du UEMAk, eta eta bide horretan, garrantzitsua da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Udalen eta hainbat erakunde publikoren arteko elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte hartzea ezinbestekoa da horretarako, eta hautu horretan eragin nahi du UEMAk aurten ere kanpaina honekin.

“Modu bat baino gehiago egon daitezke horretarako: autolikidazio proposamena onartzeko orduan, eta baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egitean ere, euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz. Bestalde, gestoria batean eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egin eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazi”, azaldu dute UEMAtik.

IAZKO DATUAK ONDARROAN:

  • Aitorpenak guztira: 4.695
  • Aitorpenak gazteleraz: 4.311 (%91,8)
  • Aitorpenak euskaraz: 384 (%8,2)
Zunbeltz Bedialauneta alkatea, hitzarmena sinatzen.
Ordezkari publikoak eta aholkularitzen ordekzariak, hitzarmenasinatu ostean.
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina