Bi urteren ostean, bueltan da Antxoa Egune

0

Pandemia zela eta bi urtez Antxoa Egune kalean ezin ospatuta egon ostean, maiatzaren 21ean berriz hartuko du Alde Zaharra herrian hain berezia den festak. Ondarroako Udalak, herriko beste elkarte batzuekin batera egun guztiko egitaraua antolatu du. Aurtengoa hogeitabatgarrena izango da.

Maiatzeko lorarik ederrena, antxoa andia.

Augustin Zubikarai. Itsas-aize liburutik.

“Geure-geurea den produktua erdigunean ipinita, pandemia osteko lehen festa herrikoi handia izango da Ondarroan, eta gogotsu gaude”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Denbora daramagu jai herrikoien zain eta azkenean iritsi da. Herritarrei kalera irten eta gozatzeko deia luzatu nahi diet”.

Modu desberdinetan jan ahalko da antxoa aurten ere, herriko elkarte gastronomikoei esker. Beraiek izango dira 400 kilo antxoarekin 2.100 pintxo inguru prestatuko dituztenak. “Festaren oinarri dira elkarte gastronomikoetako kideak, euren borondatezko lanari esker ipintzen baitira herritarren eskura hainbeste pintxo”. Pintxo horiek saltzeaz herriko taldeak arduratuko dira Nasa kaleko postuetan, beraien elkarteentzat dirutxo bat ateratzeko asmoarekin. “Pandemia aurreko urteetan funtzionatzen zuen formula dela ikusi genuen eta orain ere bide horretatik jarraitzea erabaki dugu. Horrela, herritarrak dira Antxoa Eguna bera sustatzen eta gozatzen dutenak”, azpimarratu du Aritza Aristondo Natxiondo kultura zinegotziak.

Aurten ere produktua, kultura eta kirola uztartuko dira Antxoa Egunaren baitan. Motorrak berotzen joateko, asteburu honetan (maiatzak 14 eta 15) Zatozte elkartearen baitako tabernetan herriko kontserbagileen pintxoak eskainiko dira. Trainerilen Euskadiko Txapelketa ere asteburu horretan jokatuko da Ondarroako Badian; zapatuan kanporaketak eta domekan finalak. Aurtengo berritasunetako bat umeek ere antxoa sukaldatzen ikasteko ikastaroa izango da, Gamarra ostalaritza eskolaren eskutik, herriko frontoian.

Aurtengo Zilarrezko Antxoa eguerdiko 14:00etan emango da Alde Zaharrean. Horrekin batera, 2020an Zilarrezko Antxoa irabazi zuten baina pandemia zela eta jaso ezin izan zuten Artibai egoitzako langileei ere emango zaie eurei dagokien saria.

Ondarroako Udalak eskerrak eman nahi dizkie jai hau antolatzen lagundu dieten boluntario eta herriko elkarte guztiei, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa litzatekeelako Antxoa Egune ezagutzen dugun moduko jai herrikoia izatea.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina