Ondarroako XXXVIII. banderak egongo dira lehian zapatuan (abuztuak 6). 11:00etan hasiko da ARC2 ligako estropada eta 12:00etan ETE ligako, Antiguako Ama traineruaren parte hartzearekin.
[ETE ligako estropadaren dossierra]
[ARC2 ligako estropadaren dossierra]
Aurtengo ETE ligako banderaren babeslea Ondarroako Udala da, eta horri esker lehenengo bider emakumeek maila horretako mutilen besteko sari ekonomikoa edukiko dute. Horrenbestez, 9.000 euro banatuko dira saritan. Ondarroa da hau horrela egiten den lehen herria. Udala eta Ondarroa Arraun Elkartea izango dira lehenengoak berdintzen Emakumeen Traineru Estropaden ligako estropada bateko sari ekonomikoa mutilen maila bereko ligarekin.
Ondarroa Arraun Elkarteak boluntarioak behar ditu bi estropada hauen eta datorren asteko TKEkoaren antolakuntzan laguntzeko. Laguntzeko prest daudenak abuztuaren 3an (eguaztena) 19:30ean Kofradia Zaharrean batzera deitu dituzte.
ETE ligako estropada hiru txandatara jokatuko da eta bakoitzean hiru talde lehiatuko dira; bi luze eta ziaboga bat egin beharko dituzte. Ondarrutarrak bigarren txandan arituko dira. Lehenengo txandan Hernani Mitxelena, Castro Canteras de Santullan eta Portugalete ariko dira, bigarrenean, Ondarroarekin batera Delteco Zumaia eta Zarautz Gesalaga Okelan ariko dira eta ohorezko txandan, berriz, Hondarribia Bertako Igogailuak, Hibaika Jamones Ancin eta Deusto Bilbao.
ARC2 ligako Ondarroako bandera-Goimek Sari Nagusia 11:00etan hasiko da. Lehenengo txandan sei talde ariko dira, erlojuaren aurka, eta bigarren txandan beste hirurak, baina hauek lerroan. Lehen txandan IRC Santoña, Castro Marinera, Trintxerpe, Portugalete, Mutriku eta Astillero ariko dira, eta bigarrenean, Lapurdi Antton Bilbao, Donostiarra eta Hibaika Susperregi Edukiontziak.
HONEKIN LOTUTA: