Kamiñazpi auzoa aire libreko erakustoki bihurtuko du muralgileen topaketa batek 2023an

0

Ondarroako Kamiñazpi auzoan aire libreko museo bat egin nahi du Ondarroako Udalak. Erakustoki hori muralek osatuko dute, auzoko eraikinetan egindako formatu handiko muralek. Gaur egun, Lian artista muralgileak egindako artelan bat dago ikusgai auzoan, eta oso erantzun ona izan du bizilagunen partetik.

Proiektu honen egitasmoa Lian artistak berak aurkeztu zuen udaletxean, eta kultura sailak begi onez jo zuen. Lehenengo, mural bat egitea erabaki zen, eta orain, Kamiñazpikoen erantzun ona ikusirik, 2023an egingo den artisten topaketa baten bitartez fatxada gehiagotan egingo dira muralak. Erresidentzia artistikoa deitzen den formatua erabiliko da horretarako: Lianek berak lagunduko du muralgileak zein izango diren aukeratzen; baliteke nazioartekoak izatea. Ondarroan egonaldi bat egingo dute, bizpahiru astez, herriaren izaera, berezitasunak, nortasuna eta kultur mugimendua eta herriko taldeen funtzionamendua barneratzeko, eta ondoren ekingo diote muralak egiteari. 2023an bi mural egitea da asmoa.

“Hiruzpalau hari mutur batuko ditugu proiektu honen bitartez: Kamiñazpi auzoari balio gehigarri bat ematea kulturaren eta artearen bitartez, kanpoko artistak gure herrira ekartzea eta muralak euren fatxadetan egiteko prest agertu ziren bizilagun elkarteei ere aukera ematen jarraitzea”, azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. “Azken batean gure herriaren nortasuna erakutsiko duten muralak izango dira, artistek herriarengandik eta herritarrengandik jasotakoaren isla”.

Lianek ekainean marraztu zuen muralean bi esku ikusten dira, zuri beltzean, koloretako sare bat josten. Ondarroarekin eta herriaren iraganarekin eta etorkizunarekin lotura estua dauka muralak: iraganetik etorkizuna josten, eskuz esku, herria saretzen eta osatzen, belaunaldiz-belaunaldi nortasuna transmititzen…

Mural berriak egin aurretik, udala jarriko da harremanetan Kamiñazpiko bizilagunekin, nahi duten jabe elkarteek euren fatxada murala jasotzeko aurkeztu dezaten.

Lian artista muralgileak ekainean Kamiñazpin egindako artelana.
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina