Frantziako Tourraren hasiera Euskal Herrian egingo da eta hirugarren etapa Ondarroatik igaroko da uztailaren 1ean. Hori dela eta Bizkaiko Foru Aldundiak Artabide kaleko 30 zenbakitik Artabideko azken bihurguneraino (Dongre eraikinaren pareraino) kalea asfaltatuko du. Tourra igaro ahal izateko nahitaez egin beharreko lanak direla adierazi diote udalari Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek, bai kostako bideko zenbait puntutan eta baita Artabide kaleko 30 zenbakitik gora ere.
Lanak martxoan hasiko dira eta guztia amaitzen bi hilabete inguru iraungo dute. 160.098 euroko aurrekontua daukate lanek.
Lan horiek baliatuz, udalak ere bere konponketak egiteko aprobetxatuko du eta Artabide kaleko gorengo etxeetako saneamendu hoditeria eta kaleko euri urak batu eta bideratzeko estolderia hobetuko ditu: “gaur egun Artabideko goiko zatiko etxeetako saneamendua ez dago herriko sarearekin lotuta, eta lan hori egingo dugu orain”, azpimarratu dute hirigintza saileko arduradunek. Horrekin batera, Artabide eta Antiguako Ama kaleetan errepidean dauden arketak ere berritu egingo dira, autoen igaroaldiekin hondoratuta baitaude batzuk. “Bizkaiko Foru Aldundiak lan hauek egin behar zituela esan zigunean, guk ere gure hobekuntzak sartzeko baliatu genuen, eta baiezkoa eman ziguten. Orain, obra bakarrean bi gauzak egingo dira: Tourra igarotzeko asfaltoa botatzea eta saneamendu hoditeria berriak ipintzea”.
Asfalto lanak egiteko 111.363 euro bideratu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta udalak beste 38.600 euro jarri ditu Artabideko hoditeria birgaitzeko. Lanek, guztira, 160.098 euroko aurrekontua izango dute. Lanek irauten duten bitartean Txalet Monikatik goranzko norabideko ezkerreko erreila itxita egongo da eta bidea semaforo bidez erregulatuko da. Ezkerreko erreil hori erabiliko da obretako materialak, edukiontziak, kasetak, kamioiak eta abar uzteko eta materiala pilatzeko.
Puntualki aparkalekuak moldatzen joango dira langileak, zatika, ahalik eta eragin gutxien izateko auzotarren aparkalekuetan. Hori arintzeko asmoz, aparkaleku gehien hustu beharko diren egunetan portua egongo da zabalik bizilagunentzat. Aparkaleku gehien hustu beharko diren unea asfaltoa botatzeko egunak izango dira. 10-15 bat egunez asfaltatuko dute errepidea, lanen azken fasean.