Ondarroa sormenaren erdigune bilakatzen duen Aitzol Aramaio zinegilearen omenezko Marabilli Festibala urriaren 6an (barikua) eta 7an (zapatua) ospatuko da Ondarroan. Manuelistek eta Aramaioren etxeko eta lagunek egin dute aurkezpena gaur, Beikozinin.
Festibalak betiko oinarria izango badu ere, Kirmen Uribe idazle eta Manuelistak esan du aurten bi egunetara mugatu dutela jaia, “antolakuntza lanetan boluntarioak direnentzako ere errazagoa izateko festibala aurrera eramatea”. Hala eta guztiz ere, bi egunetan guztia batu arren, egitarau bete-betea antolatu dute. Antolakuntzako kide den Begoña Anakabek eman ditu ezagutzera egitarauaren xehetasunak. Azpimarratu du oraindik ere guztiz itxi gabe dagoela egitaraua, eta Uriberekin bat etorri da zehaztuz Marabilliko egitarauari herritarrek ere ekarpenak egin dizkiotenez, ia azken momenturarte egoten dela egitaraua bete eta bete.
EGITARAUA:
Irailaren 29tik urriaren 8ra Yolanda Eizagirreren Marabilli argazki erakusketa egongo da ikusgai.
- URRIAK 6, BARIKUA
19:30ean. Marabilli Parade.
19:45ean. Pelikula mozketa eta inaugurazioa.
20:00etan. Master Classa. Zine zuzendariak beraien sekuentzia kuttunak azaltzen: Fermin Muguruza eta Arantxa Santesteban.
21:30ean. Atsedenaldia.
22:00etan. 10 minutu. Amets Arzallus (bertsolari eta idazlea), Maddalen Arzallus (kazetari, bertsolari eta musikaria), Asier Altuna (zinegilea), Iker Sanchez (orkestra zuzendaria), Irati bilbao (Aranzadiko arkeologo ondarrutarra) eta Ainhoa Moiua (antzezlea eta zeinu interpretea).
23:15ean. III. Marabilli Sormen Saria.
00:00ean. Hasiera jaia: Moonshine Wagon+Malandro+DJ Elepunto.
- URRIAK 7, ZAPATUA
11:00etan. Ttek elektrotxaranga.
12:00etan. Zergatik idatzi? Joseba Sarrionandia, Mielanjel Elustondo kazetariarekin solasean. Aurretik, Musika zertzeladak, Musika Eskolako ikasleen eskutik.
12:00etan. Ezinezko fuola Zaldupen. Profesionalak herriko umeen aurka.
12:00etan. Artibai ibaian, Boga ta sixe: arraunlariak, haur eta gazte.
17:30ean. Ttek elektrotxaranga, Portutik Goikozinera.
18:00. Zine gala. 20.000 erle espezie, Esti Urresolarekin.
18:00etatik 19:00etara. Ttek elektrotxaranga, Goikozinatik Zubi Zaharrera.
19:00etan eta 20:00etan. MAdE IN ONdARRU! Nanoantzerkiak herriko gune desberdinetan: Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia, Txo! Antzerki kolektiboa eta Ondarroako aktoreak. Musika kalean herriko taldeekin. Artisau erakusketa ere bai egun osoan.
20:30ean. Kontzertuak Musika Plazan: Tapia eta Leturia eta ondoren Emepebost.
22:00etan. Kontzertuak Beikozinin: Viva Belgrado eta Belako.
00:00etan. Gaupasa gaztetxean.
Sarrerak beharrezkoak izango diren ekitaldietarako hauek noiz eta non jarriko diren salgai aurrerago zehaztuko dute antolatzaileek.
Aurkezpenaren amaieran Kirmen Uribek zehaztu du Marabilli gaur egun ezagutzen den formatuan egiten den azken aldia izango dela aurtengoa: “azkena esatea badakigu zer den Ondarroan, horren atzetik gero azken-azkena etortzen baita, baina tira, joango gara ikusten eta joango gara esaten”.