Terrazen gatazkari irtenbidea emateko prozesua martxan da

0

Ondarroako Udalak, herriko zenbait taberna eta jatetxeren terrazek eragindako gatazka konpontzeko asmoarekin, bitartekaritza enpresa bat kontratatu du. Helburua, tabernari eta jatetxeekin, herritarrekin, herriko eragileekin eta prozesuan parte hartu eta iritzia eman nahi duen ororekin hitz egin, denak entzun eta hortik abiatuta Ondarroako beharrizanetara egokitutako ordenantza berri, argi eta betegarria idaztea da. Prozesua urrian hasiko da martxan eta guztien iritziak entzun ostean maiatzerako ordenantza prest izatea da helburua. Elkarbizitza izango da oinarria, guztien eskubideak bermatu beharko dituen elkarbizitza.

Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak esan du neurriak hartzeko momentua iritsi dela, aurreko guztiak bertan behera utziko dituen ordenantza berri bat idatzi eta herritarren eskubideak errespetatzea bermatuko duen prozedura abiaraztekoa. Urriaren 25ean hasiko dira bitartekaritza taldeko profesionalak batzarrak egiten: tabernariekin, bizilagunekin, herriko taldeekin (gizarte taldeak, hezkuntzakoak, nagusiak…)… arloz-arlo. Aurrerago zehaztuko da batzar bakoitza ze ordutan egingo den. Bi ordutegi egongo dira aukeran bakoitzarentzat, goizez eta arratsaldez. Denak izango dira Kofradia Zaharreko 2.solairuan.

Tabernetako edo jatetxeetako terrazek herritarren artean sortzen dituzten gatazkei amaiera eman nahi dio horrela Ondarroako Udalak, eta horretarako, denak entzungo diren prozesu bat abiaraziko da urrian: “bizikidetza modu osasuntsuan bideratzeko, bereziki tabernen eta jatetxeen terrazek zenbait herritarren ongizatean eragindako ezinegonen murrizketa, tabernarien lan-beharrak aintzakotzat hartzea eta tabernariek herritarrekin zein herritarrek tabernariekin izandako gatazkak eta tentsioak baretzea hartuko da kontuan. Hainbat esparrutan egingo da lanketa hau, baina udalak, herritarren parte hartzearekin eraman nahi du aurrera prozesua: “prozesu partehartzailea izango da, eta nahi duen orok eman ahalko du iritzia edo azaldu bere kezka”. Zaratak, garbitasuna, espazioaren okupazioa, egiturak, ordutegiak, isunak… guzti horiek hartuko ditu kontutan ordenantza berriak, eta prozesu honetan da momentua bakoitzak bere iritziak eman eta kezkak azaltzeko, esan bezala, “Ondarroara egokitutako eta herritarren ongizatea bermatzeko ordenantza egitea” baita udalaren asmoa.
Prozesuan, tabernariek, Zatozte elkarteak, herritarrek eta auzo elkarteek eta herriko beste eragileek (hezkuntza komunitateak, kultur taldeek…) parte hartu ahalko dute, eta udaletik partehartzea eskatzen da.

Prozesuak, arau hauek izango ditu: kontsultarako prozesua da, ez erabakitzailea; erabakiak hartzea Udalari dagokio. Prozesuaren gardentasuna mantenduko da beti. Parte hartzaileen baldintza berdintasuna bermatuko da. Bitartekaritzak inpartzialtasuna izango du oinarri. Hauek izango dira parte hartze prozesuaren faseak:

1.- Parte hartze prozesuaren berri ematea.
2.- Bilera informatiboak taldeka: egun bakoitzean bi ordutegi egongo dira erabilgarri, bat goizez eta bestea arratsaldez. Guztira 6 bilera informatibo egingo dira: bi tabernarientzako, bi herritarrentzako eta beste bi herriko eragileentzako.
3.- Banakako bilerak, aurrez lotutako hitzorduen bidez.
4.- Hiru taldeetan bildutako informazioa transmitituko zaie besteei.
5.- Udalari parte hartze prozesuaren txostena helaraziko zaio.
6.- Prozesuaren jarraipena egitea.

Irtenbidearen bila. Prozesu honekin azken urteetan herriko hainbat taberna eta jatetxetako terrazen inguruan herritar askok dituzten kexa eta ezinegonei amaiera eman nahi zaie.

“Espazio publikoaren erabilera nolakoa izan behar den erabakitzea denoi dagokigu, herria denona baita. Hori da prozesu honen asmoa: arau guztiak jasoko dituen ordenantza bateranzko bidea egitea, non herritarrei euren oinarrizko eskubideak errespetatuko zaizkien eta tabernariek ere euren jarduna egin ahalko duten zarata, ordutegi, okupazio, garbitasun eta antzeko arau guztiak errespetatuz.”

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina