Euskarazko sormenez bustiko du herria Literatur Amuak jaialdiak

0

Aurten ere euskarazko sormengintzak busti eta harrapatuko du herria urriaren 20tik azaroaren 1era, Literatur Amuak jaialdiaren beste edizio batekin.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, Turismo Bulegoan

Euskarazko sormengintzaren urteroko zita da Ondarroako Literatur Amuak, eta Ondarroako Udalak aurten ere artistei plaza eskaintzeko eta euren lanak oholtzaratzeko agertokia eskaini nahi izan die. Izen ezagunek eta ez hain ezagunek osatuko dute egitaraua, goi mailako egitaraua.

Juan Fernandez Egiguren argazkilari ondarrutarrak Erakusketa Aretoan antolatutako erakusketa izango da lehen ekimena. Fernandezek, berak sortutako Ondarrutarrak bildumaren lehen atala erakutsiko du, bere begipuntutik gerarazitako herriko eta herritarren irudiekin. Herriko artistekin jarraituz, Josu Arrizabalagak herriko lehengo andra-gizonen istorioak kontatuko ditu: xelebrekeriak, bitxikeriak, pasadizoak… herriko kontuak. Musikaz Keu Agirretxea arduratuko da. Urriaren 31n, martitzena, Judit Nedderman abeslari eta konposatzaile kataluniarrarekin batera igoko da Beikoziniko oholtzara. Jaialdia amaitzeko, azaroaren 1ean, umeei zuzendutako Arrainak Bihotzean ikuskizuna egongo da Beikozinin, Leire Bilbao ondarrutarraren testuetan oinarritutako Mar-Mar taldearen ikuskizuna.

Urte guztiko ekimena izaten den Liburuen Amuakek ere izango du bere tartetxoa: Nerea Ibarzabalen Bar Gloria nobelaz ariko dira idazlearekin berarekin eta Joxemari Urteagarekin. Guzti hauez gain, Joseba Sarrionandia, Ane Etxegoien, Rafa Rueda eta Igor Elortza (Anonyme Popular)… goi mailako izenek eta ikuskizunek osatzen dute egitaraua.

Ezkerretik eskumara: Keu Agirretxea musikaria, Ibon Bergara eta Nerea Lorenzo zinegotziak eta Urtza Alkorta alkatea.

Ikuskizun batzuetarako sarrerak erostea beharrezkoa da, eta gainontzekoetan aforoa bete arte sartu ahalko da aretora. Sarrerak, Turismo Bulegoan egongo dira salgai urriaren 10etik (martitzena) aurrera.

Zubikarai saria. Euskal idazleen harrobi izaten jarraitzeko asmoarekin eta horren alde egin beharreko apustua irmoa izan behar dela iritzita, 8.000 euroko saria jasoko du aurtengo irabazleak, orain artekoa baino 2.000 euro gehiago. “Euskarazko sorkuntza bultzatzeko ahaleginak erakunde publikoetatik etorri behar direla uste dugu, eta oraingoan hau da gure apustua”, esan du Nerea Lorenzo euskara batzordeburuak. “Aurreko agintalditik udal gobernuak eskuartean zeukan neurria da orain hartu duguna”. Nobela beka lehiaketan parte hartu nahi dutenek urriaren 13 (barikua) arte daukate proiektuak aurkezteko epea. Baina hemen dago berritasuna: orain arte proiektuak posta elektronikoz bidaltzen baziren ere, orain telematikoki (ondarroa.eus web orriaren bitartez) edo aurrez-aurre Erregistro Orokorrean (Alamedako bulegoetan) aurkeztu behar dira. Epaimahaia, Xabier Mendigurenek, Ana Urkizak eta Leire Bilbaok osatzen dute.

Nobela beka irabazten duenak urtebete izango du bere proiektutik abiatuta nobela bat idazteko, eta ondoren Elkar argitaletxearen bitartez argitaratuko da. Udalak izendatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle urriaren 31 baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela irizten badute epaimahaia osatzen dutenek, beka eman gabe utzi dezake udalak.

Nanoipuin lehiaketa ere abian da. 140 karakteretan istorio bat kontatzea da xedea eta urriaren 10erako aurkeztu behar dira, aurrez aipatutako bi aukeretako baten bitartez. Egile bakoitzak bi lan aurkeztu ahalko ditu gehienez.

Sari banaketak, iazko Augustin Zubikarai lehiaketako irabazlearen nobelaren aurkezpena eta aurtengo irabazleari elkarrizketa, urriaren 26ko ekitaldian egingo dira, Kofradia Zaharrean, Joxemari Urteagaren eta Xabier Mendigurenen gidaritzapean.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina