Bueltan da ‘Ondarrutar Naturala’ lehiaketa; urtarrilaren 3an, Beikozinin

0

Ondarroako Udalaren euskara sailak antolatzen duen Ondarrutar Naturala bueltan da. Urtarrilaren 3an ospatuko da herrian hain berezi bilakatu den lehiaketa, Beikozinin, 18:30ean. Ugaitz Alegria aurkezle ondarrutarrak gidatuko du saioa.

12 bikotek parte hartu ahalko dute, eta gehiagok izena emanez gero, zozketa bidez erabakiko dira parte hartzaileak, ekitaldia luzeegia ez izateko. Lehen fasean launa bikoteko hiru txanda egongo dira, eta guztien arteko hiru onenak sailkatuko dira finalera.

“Tribial itxurako bikotekako jolasa da eta Ondarroako kontu desberdinen inguruko galderez osatuta dago: galdera-erantzunak, mimika, ikusleen parte hartzea, herriko gai desberdinak (historia, kultura, euskara, kaleak, pasarteak…)… arratsaldea herriko gorabeheren inguruan ondo pasatzeko saio aproposa izaten da”, esan du Nerea Lorenzo Gonzalez euskara zinegotziak.

Bikoteka egiten den jolasa da eta izen ematea abenduaren 23rako egin behar da. LH4tik DBH3ra bitarteko umeak heldu batekin joan beharko dira. DBH4ko gazteak jada heldutzat hartuko dira, beraz, posible izango da DBH4ko bi ikaslek osatutako bikotea egitea; bi helduk ere osatu dezakete bikotea. Izen ematea udaletxeko euskara sailean (1.pisuan presentzialki, mrey@ondarroa.eus posta elektronikoan edo 946833668 telefonoan) Turismo Bulegoan edo herriko ikastetxeetan egin behar da.

2023ko Gabonetan egin zen lehiaketaren irabazleak Arantza Urresti eta Haitz Urruzunok osatutako bikotea izan zen. Beraientzat izan zen sari nagusia. Aurten ere, sari nagusiaz gain, parte hartzaile guztientzat egongo da saria.

Arantza Atxurra, Haitz Urruzuno, Arantza Urresti eta Ugaitz Alegria.
Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina