Herriak kulturaz gozatzeko Kultur Uheri ekimena antolatu du udalak uztailaren 31tik abuztuaren 30era

0

Ondarroako Udalak uda sasoirako Kultur Uheri ekimena antolatu du, uztailaren 31tik abuztuaren 30era bitarte herriak askotariko kultur ekimenez gozatzeko. Ekimen horretan, bariku, zapatu eta domeka guztietan egongo dira ikuskizunak, adin guztientzako eta Covid-19aren egungo egoerak behartutako arau eta gomendio guztiak betez, herriko frontoian. Ikuskizun guztiak, familientzako ginkana ez ezik, herriko frontoian egingo dira. Sarrerak uztailaren 24tik aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan.

[KULTUR UHERI: irakurri hemen egitaraua]

Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak esan duenez, Andra Mari jaiak bertan behera utzi ziren momentuan hartu zen kultur ekimen bat antolatzeko erabakia: “ekimen hau antolatzeko bi arrazoi geneuzkan mahai gainean: alde batetik herritarrek kultura kontsumitzeko nahia eta jaietan ezin egin ahal izatea, eta bestetik, kultur arloko profesionalek Koronabirusak eragindako larrialdi egoeran jasan behar izan duten egoera txarra”. Oinarri bi horiek kontuan hartuta eta arau jakin batzuk beteteko beharrak egongo direla kontuan harturik sortu zen Kultur Uheri, 15 ekitaldi edo ikuskizunez osatutako egitaraua, astebururo bariku, zapatu eta domeketan eskainiko dena: “bariku eta zapatuetako ikuskizunak gazte eta helduei zuzenduta egongo dira, eta domeketakoak, umeei”. Ikuskizunak, askotarikoak izateaz gain, balore zehatzak lantzeko tresna gisa ere ikusi dira eta udalak urte osoan egiten dituen lanketa desberdinei ikusgarritasuna ematea ere kontuan hartu da: “berdintasuna, euskara, aniztasuna, topiko sexistak haustea, estereotipoak… horiez gain umorearentzako tartea ere egongo da”. Berdintasun zinegotzia den Irina Alkorta Bedialaunetak azpimarratu du balore hauen lanketa udaletik urte guztian egiten den zeregina dela, eta ikuskizunek gai horiek jorratzea lanketa horrekin jarraitzeko beste urrats bat direla.

Zunbeltz Bedialauneta alkatea, Irina Alkorta Berdintasun zinegotzia eta Aritza Aristondo Kultur zinegotzia.

Aritza Aristondo: “Nahiko kolpe hartu ditu kulturak pandemia hasi zenetik. Albo batera laga ezin dugun sektorea da eta horregatik ere egin dugu apustu hau. Iragan astean zirkua etorri zen herrira, barikuan liburu eta disko azoka hasiko da Alamedan eta abuztuan Kultur Uheri edukiko dugu”.

Ume eta familientzako ginkana. ume eta familientzako pista jolasa eta ginkana egingo dira abuztuaren 2an, domeka, 10:00etan. Jolasean, gehienez 50 talde edo familiak parte hartu ahal izango dute. Talde edo familia bakoitza gehienez 12 lagunekoa izan beharko da. Parte hartzea doakoa den arren Turismo Bulegoan eman behar da izena uztailaren 31 orduko (barikua). Hitzordua 10:00etan da herriko frontoian.

[KULTUR UHERI: irakurri hemen egitaraua]

HERRIKO ETA LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKO ARTISTAK

Kultur Uheri ekimenak Euskal Herri osotik etorritako kulturgileak batu nahi izan ditu, hango eta hemengo eskaintza plaza berean batu eta euskal sortzaileen lanak ezagutzera emanez. “Euskal Herriko hainbat puntutatik etorritako artistak egongo badira ere, garrantzi berezia eman nahi izan diogu herriko zein eskualdeko sorkuntzari, eta uste dut Lea-Artibai eta Mutrikuko kulturgintzaren ordezkaritza ederra batzea lortu dugula: Biren (Ane eta Nora Agirre), Patxi Saiz, Herri eta Bixi, Iñaki Maruri, Garoa Arizmendi eta Iñigo Larrinaga, Dantzarte, Garazi Etxaburu, Nerea Ibarzabal…”. “Eta nola ez, aurten ere ez ditugu gonbidatu gabe utzi nahi izan urtero jaietan gurekin egoten diren Mutrikuko Musika Banda eta Mutriku Soka-Tira Taldea herri kirol ikuskizunarekin”.

Zergatik Kultur Uheri? Uheri, edo ubera, itsasontziek uretan uzten duten arrastoa da, igaro izanaren arrastoa, bidea egin izanarena. Kulturak ere arrasto hori uzten du herritarrengan, kontsumitu ostean bidea egiten duelako herritarrengan.

Sarrerak. Ikuskizun guztietarako sarrerak uztailaren 24tik (barikua) aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan,  10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Pertsona bakoitzak ikuskizun bakoitzerako lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez. Ikuskizunetarako sarreren prezioak bi eurokoak izango dira; euro bat umeen ikuskizunetan. Frontoiko harmailen edukieraren %60a bete ahalko da Kultur Uheri ekimenean, egun dauden osasun arau eta gomendioei jarraituz. Ikuskizunaren arabera, salgai egongo diren sarrera kopurua ere aldatu egingo da, aulki gehiago ipintzeko aukera egon daitekeelako zenbait ikuskizunetan: aulkirik ez dagoenean 300 sarrera egongo dira salgai eta aulkiak daudenean 340 sarrera; Lur eta Amets fimaren proiekzioak edukiko du sarrera kopururik handiena, 500.

[KULTUR UHERI: irakurri hemen egitaraua]

Euria eginez gero ekitaldiak bertan behera utziko dira eta horren berri Ondarroako Udalaren ohiko komunikazio bideetatik emango da erabakia hartzearekin batera. Bertan behera geratzen diren ekitaldiak beste egun baterako programatuko dira, beti ere ikuskizuna eskaini behar dutenek ahal dutenean. Nahiago dutenek sarreren dirua bueltan jasotzeko aukera edukiko dute Turismo Bulegoan.

[KULTUR UHERI: irakurri hemen egitaraua]

ARAUAK:
  • Osasun egoera dela eta ezarritako aforoa errespetatu beharra dagoenez, sarrerak agortu ahala ekintza bakoitzeko salmenta itxi egingo da.
  • Maskarilla ezinbestekoa izango da frontoiko ekitaldi guztietan.
  • Ezingo da edaririk sartu frontoira.
  • Ezin da erre.
  • Lehen iladan lehentasuna edukiko dute mugikortasun murriztua dutenek, aniztasun funtzionala dutenek, haurdun dauden emakumeek, pertsona nagusiek eta euren laguntzaileek.

[KULTUR UHERI: irakurri hemen egitaraua]

ta arrantzale galduen itsasontzietan,

brankaz,

emakumeen lurretara abiatu zinetela

itsasoan musikaren uhera luze bat utziaz

MAULEKO BIDEAN. Benito Lertxundi.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina