Aste honetan hasiko da Etxelilan igogailua ipintzeko lanen lehen fasea

0

Etxelila Emakumin Topaleku irisgarria izatearen helburua urteetan eduki du Ondarroako Udalak eta orain helburu hori beteko du. Etxelilan igogailua ipiniko da. Lanen lehen faseko zereginak aste honetan hasiko dira: zuloa prestatuko dute lehenengo eta estrukturaren muntaketarekin hasiko dira gero.

Hirigintza sailetik azaldu dute lanak bi fasetan egingo direla: Lehenengo fasean egitura bera eraikiko da, hau da, igogailua jarri behar den espazioa sortuko da, hutsetik hasi behar baita muntaketa. Bigarren fasean, uda iritsi orduko, igogailuaren makineria sartuko da aurretiaz eraikitako egitura horretan. Igogailua eraikinaren sarreran egongo da, eta Etxelilako bulegoaren aurrean edukiko du helmuga. «Egungo sarrerak bi ate dauzka eta espazio hutsa dago hor, erabiltzen ez dena. Sarrera moldatuko da eta beheko solairuko espazio zabalean eraikiko da igogailua, sarreraren parean», esan du Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak.

Eraikinaren sarreratik Etxelilako bulegoaren parera joango da igogailua.

Proiektuaren garrantzia ere azpimarratu du: «agintaldiko erronketako bat da herriko emakumeen topalekua eta babeslekua dena irisgarria izatea. Egunero zer nolako mugimendua egoten den kontuan hartuta oso garrantzitsua da eraikin irisgarria izatea». «Proiektuan aukera bat baino gehiago eduki ditugu kontuan, baina argi geneukan Gaztelekuari ere ahalik eta toki gutxien kentzea ere garrantzitsua zela».

Lanak egiteko 30.000 euroko inbertsioa egingo da. Etxelilak 20/21 ikasturtean 12 ikastaro, lau parte hartze gune, hiru erakusketa eta eztabaidagune feminista antolatu ditu, beste batzuen artean. Geroz eta emakume gehiagoren topalekua da.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina