Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga izango da Ondarroako alkate berria

0

Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga izendatu dute Ondarroako alkate gaur Kofradia Zaharrean izandako Alkate berriaEz-Ohiko Osoko Bilkuran. Alkatearen laguntzaile lanetan Eneritz Basurko eta Loren Arkotxa ibiliko dira, lehenengoa jardun osoko liberazioarekin. Erabaki hauek herritarrekin batera adostu ditu udal taldeak horretarako aurrez egindako herri batzarretan.

Josu Arrizabalaga eta Txomin Etxabururen hutsuneak betetzeko ostera, Idurre Ibazeta eta Leire Beitiak ere zinegotzi kargua hartu dute gaurko bilkuran. Honenbestez, Ondarroako Udala berregituratuta geratzen da eta honela geratuko da aurrerantzean batzordeen banaketa:

-Ogasuna: Zunbeltz Bedialauneta eta Leire Beitia
-Ingurugiroa: Zunbeltz Bedialauneta
-Hirigintza: Eneritz Basurko eta Loren Arkotxa
-Hezkuntza: Eneritz Basurko eta Oier Lertxundi
-Euskara: Eneritz Basurko
-Lanarigo: Loren Arkotxa
-Berdintasuna: Bisit Beiro
-Kirola: Unai Barrenetxea eta Mikel Aramaio
-Kultura: Iñaki Lertxundi
-Ongizatea: Rakel Elu
-Aniztasuna: Idurre Ibazeta
-Parte hartzea: Leire Beitia

Etorkizunari begira eta lanerako gogotsu dago Udal Gobernu berria. ‘Ekainean legealdi berria hasi genuen ilusio berberarekin jarraitzen dugu, herrigintzan; herritik eta herriarentzat lanean’ azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak.

Udala, herritarrei gerturatzeko nahia ere agertu du udal taldeak. ‘Herritarren ideia eta ekarpenak egunerokoan jaso nahi ditugu, guztion behar eta nahietara egokitzen den Ondarroa berri bat eraikitzeko’ dio Bedialaunetak. Herri proiektua garatzeko parte-hartzea ezinbesteko tresna izango dela gaineratu du. ‘Herriko sentsibilitate guztiei zabalik dagoen udala osatu nahi dugu’ azaldu du. Hori dela eta, aurrerantzean ideia, proposamen eta ekarpenak beldurrik gabe botatzeko deia egin die herritar eta eragileei.

Aurrerantzean, Eneritz Basurko eta Loren Arkotxa ere alkatearekin batera ibiliko dira egunerokoan lanean. Basurkok jardun osoko liberazioa izango du. Orain arte ez bezala, Basurkok hirigintza arloa ere kudeatuko du. ‘Arlo berri bat da niretzat baina alboan esperientzia asko daukan kidea daukat eta erronka berriari ekiteko gogotsu nago’ azaldu du Basurkok. ‘Ilusio eta indarrez betetako taldea daukagu eta legegintzaldi hasieran zehaztutako erronkak betetzeko lan egingo dugu, orain arte bezala’ gaineratu du.

Bukatzeko, bidelagun izandakoei ere esker ona adierazi die Bedialaunetak talde osoaren izenean. ‘Orain arte egindako lan guztiagatik eskerrak eman behar dizkiegu Josu Arrizabalaga eta Txomin Etxabururi’ adierazi du Bedialaunetak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina