Ondarroako Udalak bertan behera utzi du Erdi Aroko jaia, egungo egoerak ez duelako ahalbidetzen beharrezkoak diren antolaketa lanak egitea

0

Ondarroako Udalak bertan behera utzi du irailaren 26an egin beharreko Erdi Aroko azoka. Ondarroako hiribilduaren 693. urteurrena betetzen da aurten, baina hau ospatzeko antolaketa lanak egitea ezinezkoa dela ikusi du udalak, gaur egungo egoerak ez duelako ahalbidetzen jaia antolatzeko egin beharreko aurretiazko lana burutzen.

Jaia bertan behera uztearen arrazoia ez da izan Covid-19ak eragindako larrialdiak irailaren 26an eduki dezakeen eragina, hori aurreikustea ezinezkoa baita, baizik eta aurretiazko lanak egiteko aukerarik ez edukitzea: “jaia irailean izan arren, antolaketa lanekin apirilean ginen hastekoak, baina ezinezkoa da jai guzti hori antolatzen aritzen garen herriko talde eta eragile guztiak batu eta koordinatzea: ikastetxeak, herriko taldeak, denda eta tabernak, udala…” esan du Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak. “Jai berezia izaten da, polita, eta atzetik lan asko daukana eta jende askoren inplikazioa eskatzen duena”.

2016an egin zen 5. Erdi Aroko jaia Ondarroan

Datorren urtean. Jaia bertan behera geratu den arren, zinegotziak esan du datorren urteko irailean ospatuko dela Ondarroako Erdi Aroko jaia, hiribilduaren 694. urteurrenarekin bat eginez. Horrez gain, azpimarratu du, jai hau lau urtean behin egiten denez, hurrengoa 2024an ospatuko dela, “berez zegokion urtean”. Aristondok eskerrak eman nahi izan dizkie jaia antolatzen laguntzeko prest zeuden guztiei: “aurten egin ez arren, asmo eta ideia guztiak datorren urterako gorde eta jai ederra egingo dugu 2021eko irailean”.

Erdi Aroko bosgarren jaia Ondarroan. Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina