2020ko Zilarrezko Antxoa, Artibai Udal Egoitzako langileentzat; Zorionak, merezi duzue eta!

0

Aurtengo Antxoa Eguna berezia da. Ezin da azken urteetan bezala kalean ospatu. Baina guretzat berezia bada zer esanik Artibai Udal Egoitzan daudenen langileentzat. Larrialdi egoerak bereziki eragin duen lekuetako bat dira egoitzak. Gurean, zorionez, ondo doaz gauzak. Eta hori egoitzan dauden guztiei esker da, baina bereziki langileei esker. Aurtengo aipamena, 2020ko Zilarrezko Antxoa zuentzat. Herriaren omenaldi eta txaloak, gaur, zuentzat.

Zilarrezko Antxoa ematea merezitako omenaldi eta festa batekin ospatu ezin badira, larrialdi egoeratik irtendakoan egoitzaren aurrealdean festa bat antolatzeko konpromisoa hartu du Ondarroako Udalak: “Zilarrezko Antxoa emateko eta langileak omentzeko festa izango da, eta egoiliarrek eta senideek ere parte hartzea nahi dugu, merezi dute eta”.

Eskerrik asko Artibai udal egoitzako langile guztiei.

Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak azaldu duenez Antxoa Egun berezi honetan Zilarrezko Antxoa ere bereziki merezi dutenei ematea erabaki dute: “lan ikaragarria egiten ari dira, isilekoa, baina oso garrantzitsua. Ez bakarrik orain, beti. Beharbada orain gehiago jabetu gara beraien lanaren garrantziaz, baine urteetan daramate lan bikaina egiten Artibai Egoitzan”. Gaineratu du uste duela herri guztia dagoela ados aurtengo Zilarrezko Antxoa Artibai Udal Egoitzako langilegoari ematearekin: “uste dut bat etorriko garela ondarrutar guztiok saria  merezitakoa dela esaten dudanean”. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak nabarmendu du hasieratik txapela kentzekoa ari dela izaten langileen eta egoiliarren jarrera, eta momentu zailak ere egon arren ondo doala konfinamendua egoitzan: “eskerrak eman nahi dizkiet langileei eta egoiliarrei erakutsitako konpromisoarengatik, eta baita egoiliarren senideei ere, egoeraren larritasunarekin hasieratik jabetu eta arduratsu jokatzearren”.

Zilarrezko Antxoa hau bere egin behar dute egoitzako langile guztiek: zuzendariak, erizainek, erizain laguntzaileek, sukaldariek, garbitzaileek, mantenimendukoak, medikuak, fisioterapeutak, animatzaileek… beraien lana balorean ipini eta aitortza egin nahi diegu udaletik.

Martxoaren 14an itxi zuen Ondarroako Udalak Artibai Egoitza. Ordurako, oso murriztuta zeuden senideen bisitak eta konfinatuta egoteko agindua oraindik ere iritsi gabe zegoen arren egoitza eta aurreko plaza itxi eta langile eta egoiliarren osasunaren mesedetan egoera aldatu zen egun batetik bestera.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina