‘Ondarroako Bonoak’ kanpainaren balorazio positiboa egin dute udalak eta Zatoztek; bonoen %95a saldu dira

0

‘Ondarroako Bonoak’ kanpaina herritarren eros ahalmena areagotzeko eta herriko denda eta zerbitzuen berraktibaziorako kanpaina izan da. Ondarroako Udalak 2.000 bono ipini zituen eskuragarri eta horietatik 1.905 bono saldu dira, hau da, %95a. Udalak eta Zatoztek balorazio oso positiboa egin dute eta pozik agertu dira bai herritarrek eta bai dendariek eman duten erantzunarekin.

Bono bakoitzak 20 euroko kostua zeukan bezeroarentzat, baina udalak ipinitako 10 euroko gehigarriari esker 30 euroko balio erreala eduki dute. “Guztira 57.150 euro mugitu dira herriko komertzioetan kanpaina honi esker, inoizko kopuru handiena, eta pozik egoteko moduan gaude. Gure helburua bai herritarrei eta baita denda eta zerbitzuei laguntzea izan da herriko ekonomia mugimenduan ipintzeko”, esan du Eneritz Basurko Pagoaga alkateordeak. Orain arteko kanpainetan 300 bono kaleratu izan ditu udalak eta oraingoan 2.000 bono martxan ipintzeak jauzi handia suposatu duela aitortu du: “2.000 bono asko dira eta kudeaketa ez da erraza. beti gertatzen da gorabeheraren bat baina erosi diren bonoen %98 erabili dira. Oso pozik gaude”.

Eskerrak herritarrei, merkatariei eta Zatozteri

Ondarroako Udalaren izenean eskerrak eman nahi izan dizkie kanpainan parte hartu duten herritar eta komertzio guztiei Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak: “COVID-19ak eragindako larrialdi egoerari aurre egiteko partida berezi bat onartu genuen eta horren barruan kokatzen da ‘Ondarroako Bonoak’ kanpainaren lehen fase hau. Erantzun ederra eduki du eta eskerrak eman behar dizkiegu bai herritarrei eta baita atxikitu diren 45 dendariei ere”. Alkateak ez du aipatu gabe utzi nahi izan Zatoztek egin duen lana proiektu honetan: “gure alboan egon dira proiektu honetan ere, laguntza handia ematen digute beti eta oso eskertuta gaude Zatoztek herrian egiten duen lanarekin”.

Ikasturte hasieran, gehiago. Irailean, ikasturte hasierarekin batera ipiniko da martxan ‘Ondarroako Bonoak’ kanpainaren bigarren fasea. Ikasturte berriari hasiera emateko edo neguaren ateetan egon ohi diren gastuei aurre egiteko beste 2.000 bono ipiniko ditu eskuragarri Ondarroako Udalak. Kanpaina berriaren helburua familiek ikasturte hasieran edukitzen duten gastuei aurre egiten laguntzea da, horrela, herriko ekonomia berraktibatuz. “Oraingoan asmoa da hilabete bakarra eduki beharrean bi hilabete edukitzea bono horiek erabili ahal izateko, iraila eta urria”. Kostu eta balio erreal berdinekin jaulkiko dira bono berriak ere.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina