Etorkinek euskara ikasteko proiektu bi ipiniko dira martxan Ondarroan; bat gazteentzako eta bestea orokorra

0

Ondarroako Udalak, AEK eta Ondarroako Gazte Asanbladarekin batera, helburu bera duten bi proiektu abiaraziko ditu, etorkin gazteek euskara ikasteko aukera edukitzeko. Lehenengoa, Gabonetan egingo da, eta aisialdiko ekintzetan oinarrituko da.

Ikasle etorri berrientzako BIDELAGUN programa eskainiko da Gabonetako opor-egunetan

Ikasle etorri berriei aukera emango zaie aisialdiko ekintza batzuetan pare hartu eta, bide batez, euskara praktikatzeko. Horretarako bidelagun izango dituzte Ondarroako Gazte Asanbladako kide batzuk. “Urte gogorra izan da hau, eskolako ikasle batzuentzat bereziki gogorra; izan ere, etxealdiak ez du lagundu euskara ikasteko eta kasu batzuetan lehendik hartutako maila galtzeko zorian ipini du”, azpimarratu dute udal ordezkariek. “Pasa den ikasturteko martxotik ekainera bitartean ezinezkoa izan zaie ikaskideekin batera euskara praktikatzea eta inguru naturalean aukera gutxi izan dute. Horregatik uda partean egin zen bezala, Gabonetan ere aukera izango dute ekintza entretenigarriak eginaz batera euskara praktikatzeko”.

Dohainik izango da eta egun hauetan eskainiko da: abenduaren 28an eta 29an eta urtarrilaren 4an eta 5ean.

Izena eman nahi duenak edo informazio gehiago nahi duenak jo dezake Udal euskara zerbitzura (946833668).

ELKARRIZKETA: OMAR DIOP: “Hizkuntza da biderik onena hemen integratzeko”.

Etorkin ororentzako euskara ikastaroak Ondarroan

Euskara ikastaroak eskainiko ditu Ondarroako Udalak etorkinentzat; deialdi zabala da edozein adineko etorkinentzat. Eskolak AEKren euskaltegian emango dira Aisa etorkinak euskara ikasten programaren bitartez. Era horretara, euskararekin hasierako hartu-emana izateko bidea eskainiko zaie gure herrira etorri berri diren bizilagunei.

Dohainik izango da euskara ikastaroa. Astean bi egunetan lau orduko eskolak  izango dituzte eta, guztira, 120 orduko iraupena izango du ikastaroak. Ordutegia taldekideen premiaren arabera zehaztuko da.

Izena eman nahi duenak edo informazio gehiago nahi duenak jo dezake AEK-ra (946134021) edo Udal euskara zerbitzura (946833668).

2015eko Euskara Egunerako Ondarroara etorri berri iziren ikasleekin grabatutako bideoa.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina