Covid-19aren aurkako txertaketan laguntzeko kiroldegiko kantxa eskaini dio Ondarroako Udalak Osasun Sailari

0

Eusko Jaurlaritza gauzatzen ari den txertaketa kanpainan Osakidetzari laguntzeko asmoarekin eta herriko nagusienek Durango edo Galdakaoko txertaketa guneetara joan beharrik eduki ez dezaten, udalak Zaldupe udal kiroldegia txertaketa gune bezala erabiltzeko aukera eskaini dio Osasun Sailari. “Erakundeen arteko elkarlanarekin prozesua hobetzeko aukera daukagula uste dut. Uste dut elkarlanean aritzeko momentua dela, ez baita erraza egoera hau eta txertaketa prozesua kudeatzea”, esan du alkateak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin elkarlanerako prestutasuna erakutsi zion alkateak Gotzone Sagardui sailburuari martxoaren 31n egin zuten bilera telematikoan. “Egoeraren zailtasuna ikusirik denok elkarri laguntzea ezinbestekoa dela uste dut”.

Martxoaren 17an egin zion udal instalakuntzak erabili ahal izateko eskaintza alkateak Ondarroako Udalaren izenean gutun bidez Gotzone Sagardui sailburuari. Zaldupe udal kiroldegiko kantxa da horretarako egokien ikusten dugun udal espazioa.

Ondarroako adineko pertsona asko gerturatu dira azken aste eta egunetan udal ordezkariengana txertaketa prozesuaren inguruan iritzia ematera. Gehienek bat egiten dute adineko pertsonentzako zaila dela Galdakaoko ospitalera edo Durangoko Landako gunera joatea; “gehienek esan digute txertaketa gune horietara joateko senideren baten laguntza behar dutela. Beste batzuk, ostera, autobusean ordubete baino gehiagoko bidaia egin behar izaten dutela. Horrez gain, egun batzuetan iladak eta jende pilaketak ere sortu direla esan digute”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak. Guzti honi irtenbidea emateko asmoarekin eta Osasun Sailari laguntzeko helburuarekin Ondarroako Udalak Zaldupe udal kiroldegiko kantxa txertaketa gune modura erabiltzeko aukera helarazi dio Eusko Jaurlaritzari. “Badakigu egoera kudeatzea ez dela bat ere erraza, horregatik eskaini nahi dizkiogu Jaurlaritzari gure baliabideak, denon artean egoera ahalik eta egokien eramateko eta herritarrei irisgarritasuna errazteko. Pentsatzen dut zenbat eta elkarlan gehiago orduan eta eragikorragoak izango garela”.

Kirol kantxaren ezaugarriak. Ondarroako Udalak Eusko Jaurlaritzari Zaldupe kiroldegiko kantxa eskaini dio pentsatuz espazio hau dela gutxiengo batzuk egokien betetzen dituen tokia: eremu zabala da, irisgarria, aireztapen egokia dauka, kantxa bera hiru zatitan banatzeko aukera eskaintzen du eta inguruan autoa aparkatzeko lekua dago. Kirol kantxaz gain, beharrezkoak diren baliabide eta zerbitzu guztiak ere Osasun Sailaren esku ipintzeko konpromisoa dauka udalak, Osasun Zentroaren eskariekin egin duen bezala iazko martxoan pandemia hasi zenetik, anbulategia astero desinfektatuz edo frogak egiteko kasetak ipiniz.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina