92 etxebizitza gehiago hustu ditu San Inazio kalean Ondarroako Udalak

0

Teknikarien aholkuak jarraituta hartu du erabakia

Mendiaren egoera ikusita, eta teknikariek aholkatuta beste 92 etxebizitza gehiago hustu ditu Ondarroako Udalak. Atzo 20:30 inguruan jakinarazi zitzaien herritarrei albistea eta gauek 23:00ak arte etxeko gauzak ateratzeko tartea izan zuten. “Teknikariek ez dakite harrian noiz eta nola eroriko diren harriak eta ezta ere zein izango den eragingo duten kaltea, guk herritarren segurtasuna bermatu behar dugu eta horregatik atzo beste 92 etxebizitza gehiago hustu genituen” adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.

Herritar gehienak senide eta lagunen etxeetan bildu dira eta baliabiderik ez zuten herritarrak kiroldegian elkartu zituen Udalak. Kiroldegian, Gurutze Gorria eta Gizarte Zerbitzuetako teknikarien laguntza izan dute etxeetatik irtendakoek. Azkenean, Kiroldegian bildutakoen kopuru urria ikusita, Udalak Eguneko zentruan eta Arrigorri ostatuan berkokatu ditu herritarrak.

Gaur goizean krisi mahaia elkartuko da berriro eta bertan egoeraren azterketa burutuko da. Herritarrei egoeraren berri emateko www.udalbarriak.eus webgunea erabiliko du Udalak. “Herritarrak urduri daude eta urduritasun hori ulertzen dugu, hori dela eta, www.udalbarriak.eus webgunea eguneratzen joango gara zerbait berria dakigun aldiro” gaineratu du Bedialaunetak.

Udalak bere aldetik herritarrei izandako jarrera ulerkorra eskertu nahi die, eta baita etxeetan jendea hartu duten herritarrei ere beraien esker ona agertu nahi die Ondarroako Udalak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina