Aurrerapauso txikiak izan dira bileran nahiz eta prozesua geldo doan udalaren iritziz

0

Ondarroako Udalari Kamiñaldeko lanen kostuari aurre egiteko duen zorpetzeko ahalmena zehazteko eskaria egin die gaur Bizkaiko Foru Aldundian egindako bileran elkartutakoek. Bileran Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Ondarroako Udaleko ordezkariak izan dira.

Ondarroako Udalak gaurko bileran diru kontuei aurre egiteko akordio batekin bueltatuko zela uste bazuen ere, oraindik akordiorik gabe jarraitzen dutela zehaztu dute bilera bukatutakoan. Eusko Jaurlaritzak gainera, urtarrila bitartean ezin izango duela diru ekarpenik egin adierazi die Ondarroako ordezkariei. Hala ere, urtarriletik aurrera udalari laguntzeko prest dagoela esan du, beti ere, Kamiñaldeko lanak ordaintzea udalaren konpetentzia dela gogoan izanda.

Udalak batzarraren ostean, udalak ezin dutela Kamiñaldeko lanekin %100 zorpetu adierazi du. ‘Herrigintzan inbertsio ugari egin behar ditugu Ondarroan, ezin dugu guztia Kamiñaldeko mendian inbertitu’ azaldu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. Zorpetze maila altu batek luzera begira herrirako proiektuak garatzeko ezintasuna ekarriko lukeela eta hori saihestu behar duela gaineratu du herriko alkateak.

Aurrerantzean ere hiru entitateek elkarlean jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute eta hurrengo bilerarako hitzordua ere ezarri dute. Hurrengo batzarra, azaroaren 30ean izango da Ondarroako Udalean.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina