San Ignazio kalea zabaldu du Ondarroako Udalak

0

Pozik baina aldi berean egoerak kezkatuta jarraitzen dute udal arduradunek

Lau hilabete eta hamabost egun itxita egon ostean Ondarroako Udalak San Ignazio kalea zabaldu du gaur goizeko 11:00etan. Horrenbestez, 70 familia inguru beraien etxeetara bueltatu dira eta kaleko komertzio gehienak beraien martxa berreskuratzen hasi dira. Kalea zabaltzearen albistea pozik hartu du udalak baina oraindik ere kezkatuta jarraitzen dutela aipatu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. ‘Pozgarria da kaleak eguneroko martxa berreskuratzea baina oraindik ere larrialdi egoera batean gaudela gogora ekarri behar dugu eta beraz, herritar guztiak beraien etxeetara bueltatu arte lanean jarraitu behar dugu’ azaldu du alkateak.

Mendian oraindik lanean ari dira makinak eta zoritxarrez epe laburrean San Ignazio kaleko beste bizilagunek ezin izango dute beraien etxeetara bueltatu. Hori dela eta, herriak bizi duen larrialdi egoera normaltasun egoerara bueltatu arte lanean jarraituko duela aipatu du Ondarroako Udalak.

Horretaz gain, oraindik ere mendian egiten ari diren lanen finantziazioa lortzeko ahaleginetan jarraitzen du udalak. ‘Bizi dugun larrialdi egoera honi erantzun ahal izateko laguntza eskatu dugu Bizkaiko Foru Aldundian eta baita Eusko Jaurlaritzan ere baina oraindik erantzun argi baten esperoan jarraitzen dugu eta bitartean fakturek iristen jarraitzen dute’ esan du Bedialaunetak. Ondarroako Udalak 17 milioiko gastuari aurre egiteko ahalmenik ez daukala eta horregatik herritar guztion ordezkariak diren instituzioetara jo dutela laguntza eske gaineratu du udalak. Aurrera begira ere, finantzaketaren inguruko azalpen guztiak Alamedan ezarritako informazio panelean eta www.udalbarriak.eus webgunearen bitartez jakinaraziko zaie herritarrei.

Hemen alkateak onartutako dekretua kalearen irekieraren berri emateko.

 

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina