Gaur San Inazio kaleko 33 familia itzuli dira beraien etxeetara

0

San Ignazio kaleko 40 B,C eta 42 A,B atarietako bizilagunak gaur 9:00etan bueltatu dira beraien etxeetara, guztira 33 familia. Atzo arratsaldean egindako batzarrean jakinarazi zitzaien albistea bizilagunei. Etxeak apurtuta dituzten zazpi familia geratzen dira oraindik etxetik kanpo eta horiek, urtarrilean etxean egotea espero du Ondarroako Udalak.

Ekainean kaltetuekin egindako bileran aurreratu moduan, etxeetan kalterik ez duten bizilagunak Andra Mari jaietarako beraien etxeetan izango dira. Udala pozik dago aurreikuspenak betetzen ari direlako, eta apurka-apurka etxetik kanpo dauden bizilagunak bueltatzen ari direlako baina falta diren zazpi familiak etxera bueltatu arte lanean jarraituko dutela adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak.

Etxeetan kalteak dituzten herritarren kasuan, urrirako fatxada eta terrazak konponduko dira. Hori horrela izanda, urtarrilerako etxeetara bueltatzeko moduan izango dira.

Diru premia

Bizilagun gehienak etxera bueltatu diren arren, oraindik ere lan guztien kostua ordaindu gabe dagoela gogora ekarri du udalak. “Lanak bideratzea lortu dugun arren, oraindik ere Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeko lan guztiak ordaintzeko dirua falta zaigu” dio alkateak. Diru premiak eta lanak ordaintzeko bankuekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartutako maileguak ordaindu beharrak asko kezkatzen du Ondarroako Udala. Kamiñaldeko mendi magaleko lanak ordaintzeko udalak guztira 5 milioi euroko mailegua eskatu behar izan du, Ondarroako herriaren urte beteko aurrekontuaren erdia baino gehiago zorpetu da beraz. “Gure herrian beharrezkoak diren hainbat proiektu martxan jartzeko dirua falta dugu” dio Bedialaunetak. “Hala eta guztiz ere, udalean herriaren mesedetan lanean jarraituko dugu eta behar den leku guztietan atea joko dugu herrian behar beharrezkoak ditugun proiektuak gauzatu ahal izateko” gaineratu du alkateak.

Hurrengo urtera begira Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzari, aurten egin ez bezala, Ondarroako gaia beraien aurrekontuetan aurreikusteko eskaria egingo dio udalak. “Aurten ez dute urteko aurrekontuetan Kamiñalderako dirurik bideratu eta horren ondorioz finantzazioa ezin lotuta ibili gara azken momentura arte, hurrengo urtean aurrekontuetan Ondarroa kontuan hartzea nahiko genuke” gaineratu du Bedialaunetak.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina