Ondarroak hondakinen %50 birziklatzera bidali ditu 2018ko lehen sei hilekoan

0

Bizkaiko herrien artean, hondakinen sailkapenean emaitzarik onenak lortu ditu Ondarroak lehen sei hilabetean.  2017tik 18 puntu igo da sailkatutako hondakinen kopurua, eta 253.887 kilo errefus gutxiago sortu dugu ondarrutarrok.

Ondarroak gero eta hondakin gehiago bidaltzen du birziklatzera. 2017ko lehen sei hilabeteetan, hondakinen %30 bidali zuen birziklatzera, eta 2018ko lehen sei hilekoan % 48 bidali du birziklatzera. 18 puntuko igoera izan da urtebetean.

Organikoa banatzeko edukiontziak ipini zirenetik, herritar askok euren hondakin guztiak sailkatzen dituzte etxeetan. Horri esker, hondakinen banaketa tasa asko igo da herrian.

Hainbat komertzio ere euren hondakinak hobeto sailkatzen ari dira, eta organikoa banatzen. Horri esker, birziklatzera bidaltzen dugun kartoi eta paper kopurua ere igo egin da. Aurten, 14.514 kilo gehiago jaso dira lehen sei hileetan.

Ondorioz, Ondarroa Bizkaian birziklatzera hondakin gehien bidaltzen duen herria bihurtu da. Pozik eta harro egoteko emaitzak dira, herritarren ahaleginari esker lortutakoak.

Hala ere, hobetzen jarraitu behar dugu. Euskal Herriko herri askotan hondakinen %70-80 bidaltzen dute birziklatzera, eta Ondarroak ere norabide hori jarraitu behar du. Bide onetik goaz, eta udalak lanean jarraituko du helburu hori lortzeko, behar diren bitartekoak ipinita eta herrian birziklatzearen aldeko kanpainak eginda.

Elkarbanatu.

Egileari buruz

Idatzi zure iruzkina